Tuterako epaitegiko ate nagusiari eraso diote
Kalte txikia eragin zuten atzo goizaldean Tuterako epaitegiko ate nagusiaren kontra jaurti zituzten sua eragiteko lehergailuek, Polizia espainolak atzo aditzera eman zuenez. Nafarroako Auzitegi Nagusiko buru Juan Manuel Fernandezek jazotakoa gaitzetsi zuen, UPN, CDN, Batzarre eta EA alderdiek egin zuten bezalaxe.
TUTERA
Tuterako epaitegiko ate nagusiari eraso zioten atzo goizaldean sua eragiteko lehergailuekin, Gobernu espainolak Nafarroan duen Ordezkaritzak aditzera eman zuenez. Dena den, kalteak txikiak izan ziren, jaurti zituzten hiru lehergailuetatik bik baino ez baitzuten eztanda egin. Polizia espainolaren usteen arabera, gasolioa zeukaten kristalezko botilak ziren epaitegiaren kontra bota zituztenak eta irailaren 17an Tafallako epaitegian izandako erasoarekin antz handia zuela gaineratu zuten. Erasoaren berri eduki eta berehala, Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidente Juan Manuel Fernandezek gaitzetsi egin zuen. Harekin batera, epaileak «mota horretako ekintzen aurka» daudelanabarmendu zuen Fernandezek eta, bide batez, sostengua adierazi zien Tuterako epaitegiko langileei. Alderdi politikoek ere jazotakoa gaitzetsi zuten. UPNko idazkari nagusi Alberto Catalanek «Nafarroan izaten ari den kale borrokaren indartzea Zapatero estutzeko estrategiaren barnean» kokatu zuen. CDNk adierazi zuen ezker abertzaleak ez duela «indarkeria gaitzesteko ahalmenik» eta Batzarrek horrelako ekintzek «inguruan dabiltzanak arriskuan jartzen dituztela» nabarmendu zuen. EAk ere jazotakoa gaitzetsi zuen.
|