GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-10-09
PSOEk «terrorismoaren aurrean norabide berean arraun egiteko» eskatu dio PPri
Mendabian egin zuen atzo PSNk Arrosaren Festa, eta bertaratutakoen aurrean mezu garbia helarazi zion Jose Blanco agintari espainolak PPri. Hain zuzen, «terrorismoa amaitzeko, norabide berean arraun egiteko» eskatu zion, eta bide batez, beste behin nabarmendu zuen PSOEren Gobernua bakea lortzeko lanean ari dela. Fernando Purasek, bestalde, Zapaterori helarazi zion «nafarrek konfiantza handia» dutela alderdian zein haren Gobernuan.

MENDABIA

PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Blancok «gurpilean makilak jartzeari uzteko» eta «terrorismoaren auzia» gainditzeko «norabide berean arraun» egiteko eskatu zion atzo PPri. «Guztiok batera indartsuagoak izango gara bakea eta askatasuna behingoz lortzeko bidean», adierazi zuen.

Arrosaren Festa antolatu zuen atzo PSN alderdiak Mendabian, eta bertan egin zituen adierazpenok Blancok. Hain zuzen, PSOEk «bakearen alde» lan egiten duela nabarmendu zuen, eta hala, «inor azpijokoan aritu ez dadila» eskatu zuen: «Espainiako Gobernuak egiten duen gauza bakarra da, legea eskuan hartuta, gure herrian terrorismoaren biktima gehiagorik egon ez dadin lan egitea». Horregatik, PPri jarduera horretan bat egin dezan eskatu zion, immigrazioaren aferan ere adostasunerako prestutasuna agertuz.

Azken egunotan PPk egindako kritikei erantzunez, Blancok «konfrontazioaren politika» uzteko dei egin zion alderdi hari, baita «Espainiarentzat interesgarriak diren auziekin bat egin dezan» eskatu ere, «terrorismoaren amaierarekin», esaterako.

Purasen hautagaitzaren alde

Mendabiako frontoian elkartutako PSOEko militante eta agintarien aurrean, Blancok PSNko Fernando Purasen hautagaitza ere babestu zuen, hura «burutik oinetarainoko abertzale nafarra» dela azalduta.

Osterantzean, Nafarroako egoera ere izan zuen ahotan agintari espainolak, honakoa adierazteko: «Konstituzioa eskuan hartuta, nafarrak nahi dutena izango dira, ez gehiago ez gutxiago». Halaber, PP kritikatu ere egin zuen: «Hemen, Nafarroan, burdinzurizko abertzaletasuna defendatzen du».

Hala bada, Blancok egungo Foru Gobernuaren aurrean «alternatiba sozialista» goratu zuen: «Gu baikara batzuen zein besteen erradikalismoaren pareko alternatiba zentratua». Txalo zaparradarekin hartu zituzten hitzok bertaratutakoek.

PSNko Carlos Chivite agintariak egindako lana ere eskertu zuen gero.

Ekitaldian Administrazio Publikoetako Jordi Sevilla ministroa ere aritu zen, batik bat UPNren kritikak baztertzeko. Hark PSOEk Nafarroari inbertsio arloan emandako tratua gaitzetsi zuen, baina Sevillak nabarmendu zuenez, 2007rako aurrez ikusitako aurrekontuak «Nafarroarentzat Aznarren Gobernuak eskainitakoak baino hobeak» dira. Osterantzean, Sevilla bat dator Blancorekin honakoa «argi eta ozen» esatean: «Nafarroa ez da, eta ez da izango ezer ordaintzeko trukerako txanpona. Hori diotenek, UPNk eta PPk, badakite, baina batzuetan arreta gehiago eskaintzen diete terroristei Espainiako Gobernuak esaten duenari baino».

Fernando Purasek, bestalde, bake prozesua izan zuen ahotan, eta Blancori eta Sevillari eskatu zien Zapaterori zera esan diezaioten: «Nafarrok konfiantza handia dugu alderdian eta bere Gobernuan. Datorren ekainetik aurrera, Nafarroan berarekin konfiantzan eta leial lan egingo duen Gobernua izango du, oraingo honek egin beharko lukeen bezalaxe».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una buena noticia
Euskal Herria
Animos y abrazos para los procesados
Kirolak
La Selección vasca marca el mejor gol por la oficialidad
Kirolak
Trágica muerte del piloto leioaztarra Josu Ugarte en la Subida a Urraki
Kirolak
El mejor banquillo inclina la balanza del lado navarro
Euskal Herria
Iñaki de Juana abandona la huelga de hambre tras 63 días de lucha
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss