DONOSTIA
Donato Larretxeak ez zuen hutsik egin, eta berak jantzi zuen Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako txapela. Jendetza handia batu zen Pobesen.Finala abian jartzeko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Miel Mindegia izan zen onena, 46 kolperekin erdibitu baitzuen enborra. 47 behar izan zituen Larretxeak eta 48 Arrospidek.
Bigarren lanean, aizkolariek kana-erdikoa zutik moztu behar izan zuten. Arrospide izan zen azkarrena, 1.57 izan baitzen bere denbora. Larretxea eta Mindegia sailkatu ziren atzetik. Bi proben ostean, hiru finalistek puntu kopuru bera zuten, baina hortik aurrera hasi ziren aldeak egiten.
Hirugarren probatik aurrera, Larretxeak denak irabazi zituen. 45 ontzakoa erlojuz kontra mozten, Larretxea izan zen onena. 1.03 izan zen bere denbora, eta Arrospide eta Mindegia sailkatu ziren atzetik.
Laugarren saioan, aizkolariek kana-erdiko bat zutik eta beste bat etzanda moztu behar zuten, eta berriro ere Arantzako aizkolaria izan zen azkarrena. Larretxeak 2 minutu eta 53 segundo behar izan zituen lanak burutzeko eta bi segundoko aldea kendu zion Arrospideri.
Gero, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta berriro ere Larretxea nagusi. 2.36 izan zen bere denbora. Atzetik, Mindegia eta Arrospide sailkatu ziren. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta Larretxea izan zen nagusi. 8.52rekin izan zen onena, Mindegia eta Arrospideren aurretik.