LARRETXEA-EZKURRA II
40
GONZALEZ-OZAFRAIN 23
DONIBANE LOHIZUNE
Larretxeak eta Ezkurra II.ak aurreikuspenak bete zituzten, eta eurek eraman zuten Donibane Lohizuneko joko berriko torneoko txapela. Finalean hobeak izan ziren.Partidak oreka hamahirugarren kintzera bitarte bakarrik izan zuen, hortik aitzinera gero txapela jantzi zuten pilotariak nagusitu baitziren erabat.
Atzean, Paxkal Ezkurra nagusitzen hasi zen, eta hortxe egon zen partidako gakoa. Patrick Ozafrain ez zen bere mailan aritu. Ostiraleko finalerdian astindu handi samarra hartu zuen, eta atzorako ez zen ongi indarberritu, eta hori asko nabaritu zen.
Ezkurraren nagusitasunak aukera asko eman zizkion Larretxeari, eta hark ez zuen barkatu. Sei kintze lortu zituen sarera pilota sartuta, eta aurrean ere kintze dotoreak egin zituen.
Ozafrainek partida ona ez egin arren, ezin esan gauza bera Sebastien Gonzalezengatik. Azkaineko aurrelariak neurketa ona egin zuen, baina bere ahaleginak alferrikakoak izan ziren, gehienetan salduta egon zen-eta. Larretxeak eta Ezkurrak, berriz, oso neurketa ona egin zuten. Partida beti kontrolpean izan zuten, eta amaieran ongi merezitako txapela jantzi zuten. Gaur egun, Ezkurra da trinketeko esku pilota profesionalean dagoen onena, eta atzoko erraztasunak emanda, zaila da bera gainditzea.