Kofi Annanek NBEko misioak Saharan jarraitzeko eskatu du
Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak oso txosten negatiboa aurkeztu du Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan. Ghanakoak ez du irtenbiderik ikusten epe motzean eta NBEk bertan duen misioak beste sei hilabetez lanean jarrai dezan eskatuko dio Segurtasun Kontseiluari. Sahararrek marokoarren errepresioa salatu dute.
NEW YORK
Minurso Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako NBEko Misioak aurki beteko du bere agintaldia, bere helburua bete gabe. Fronte Polisarioak berak ere jakinarazita dauka NBEko hurrengo idazkari nagusiarengan jarri duela itxaropena, Ban Ki-Moon korearrak Annanek lortu ez duena egingo duelakoan: autodeterminazio erreferenduma antolatzea, Marokoko Gobernuaren maniobrak gaindituta.Gatazka gero eta ustelduago dago, sahararren ikuspuntutik begiratuz gero. Marokok okupatuta daukan lurraldean errepresioa da nagusi, batez ere NBEko Giza Eskubideen Komisariotzak maiatzean eta ekainean jaso zituen datuak argitaratu zituenetik. «Dozenaka lagun atxilotu eta torturatu dituzte lurralde okupatuetan», Codesa giza eskubideen aldeko taldeak salatu duenez. Codesak ordezkari berezia izendatzeko eskatu dio Kofi Annani, gaia azter dezan. Baita Minursoren eskumenetan giza eskubideen zaintza sartzea ere. Baina Kofi Annanen asmoa ez da marokoarrak estutzea. Bere txostenean bi aldeak maila berean ipintzen ditu prozesuaren egungo krisia esplikatzerakoan. Prozesua erabat geldirik dago, «bi aldeek» negoziatu nahi ez dutelako. Segurtasun Kontseiluak ez dauka ezer egiterik, Ghanakoaren iritziz, irtenbideak nahitaez bi aldeek hitzartutakoa izan behar duelako. Horregatik, NBEk ezin omen du Maroko erreferenduma egitera behartu. Egoera horretan, Annanen ustez, sahararrak dira galtzaile, «nazioarteko komunitatea ohitzen ari baita Sahara Marokoren menpe ikustera». Europar Batasunak Marokorekin sinatu berri duen arrantza hitzarmena gogora ekarri du idazkariak.
|