Paueko Laborantza Ganberarako bozen kontaketa-sistema arbuiatu du ELBk
Urte hasierako hauteskundeetan parte hartuko du ELBk, Paueko Laborantza Ganberan eta nekazaritza egitura guztietan ordezkaritza izateko. Sindikatua, hala ere, ez da ados kontaketa sistemarekin, oraingoan departamenduko emaitzak soilik emango dituztelako. Prefetari kantonamenduka kontatzeko eskatu dio.
BAIONA
Departamenduko Laborantza Ganberarako ordezkariak izateko sei urtetik behin egiten dituzten hauteskundeetan parte hartuko duela azaldu zuen, atzo, Baionan, ELBk. Bide batez, boz horietarako Estatuan aplikatuko den kontaketa sistema egokitzeko eskatu du sindikatuak.Izan ere, datorren urtarrilean egingo dituzten hauteskundeetan, kontaketa departamendu osokoa izango da eta ez, herriz herrikoa edo kantonamenduz kantonamendukoa. Lehen, boza herrietan bertan emateko aukera izaten bazen ere, 2001ean posta bidezkoa jarri zuten indarrean. ELBk sistema hori salatu zuen orduan, besteren artean, parte-hartzea izugarri jaitsi zelako. Horiek hala, gutuna igorri dio prefetari bozen kontaketa gutxienez kantonamenduka egin dezaten. ELBko Christian Harlouchet-ek adierazi zuen berentzat biziki garrantzitsua dela jakitea sostengatzen duten nekazaritza proiektuak jaso duen babesa nola eta non banatzen den:«ELBrentzat eta gainerako sindikatuentzat premiazkoa da zein indar dugun jakitea, gure egitasmoak horren arabera egokitzeko. Dezentralizazio legeak horrenbeste aipatzen duen hurbileko demokraziaren haritik doa gure eskaera».
Biarnon ere bai
Biarnoko Confederation Paysanneko Michel Erbinek gauza bera esan zuen: «Guretzat berebiziko tresna da gure bilakaera ezagutzea, gerora egoera aztertu ahal izateko».Hauteskundeetan parte hartuko dutela baieztatu zuen Harlouchet-ek: «Batzuek ez ginela aurkeztuko bazioten ere, gure ordezkaritza nekazaritza egitura guztietan baliatzeko asmoa dugu. Gainera, frogatu nahi dugu Euskal Herrian gehiengoa izaten jarraitzen dugula eta gure nekazaritza ereduak gero eta jarraitzaile gehiago dituela». Kalitatezko ekoizpenak sustatzeko eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera bultzatzeko, ordezkaritza ahalik eta handiena erdiestea oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen Harlouchet-ek.
|