|
|
|
|
|
Joseba Tapiak beste behin harritu ditu bere zaleak «Real politik» diskoarekin
Joseba Tapia fenomeno bat da soinu txikiarekin. Bere esparrutik atera gabe ere, trikitiarenetik alegia, mirespenik eta txalorik ez zitzaion faltako. Baina barruak ez dio nonbait eskatzen errepikatzerik eta bide berrien bila abiatu izan da. Azken disko honetan inoiz baino nabarmenago. Genero urrunetan egin ditu aprobak eta kanta bat, «Bilbao song», soinurik gabe kantatzera iritsi da, esku hutsik alegia, eta horrek, bizitza osoa soinuari helduta ibili izan den batentzat, atrebentzia izugarria izan behar du. Hamalau pieza dira. Guztietan, errespetugabetasuna, poetekiko maitasuna eta tabuen kontra jotzeko grina nabari zaizkio.
|
DONOSTIA
Heldutasuna izango da. Atzo, “Real politik” diskoaren aurkezpenean hizketan hasi eta bere ibilbidearen nondik norakoa taxutu nahi izan zuen. Ez da ohikoa hori musikarien artean. «Nik trikiti tradizionaletik edan dut. Nire osaba Eleuterio Tapiak erakutsi zidan pieza mordoa. Erromeriak nola egin behar nituen ere hark esan zidan, baina geroago Amurizarekin Bizkaiko kopla zaharrak abesten ibili nintzen eta kopla generoaz jabetzen hasi. Bertsoa eta kopla ezberdinak direla zioen Amurizak. Aurkikuntza handia izan zen niretzat. Kopla zahar horien atzean dauden figura literarioak deskubritzea ederra izan zen. Ondoren balada zaharrak landu nituen Hiru Trukurekin. Izugarri zorteko sentitu nintzen Ruper Ordorikarekin eta Bixente Martinezekin batean hiruko hartan. Beste biek ibilbide luzea egina zuten eta sorpresa izan zen niretzat. Haiek sotiltasuna bilatzen zuten eta nik birtuosismoa eta eragin berriak. Gero, Koldo Izagirrerekin poesia irakurtzen hasi nintzen, poesia modernoaz zaletzen. Aranbarri, Otamendi, Gandiaga eta Lizardi irakurriz ohartu nintzen gure tradizioaren edertasunaz», esan zuen Joseba Tapiak eta trikitilarien zabarkeria nabarmendu zuen. «Kanta al liteke gaur ‘Neska zaharrak joaten dira Madalenara, Madalenara/ santuari eskatzera senar on bana’? Pentsatu izan dut apaizari koipea emateko kantatzen zituztela horiek eta gero plazatan kantatuko zituztela bestelakoak, irreberenteagoak», esan zuen.
Bakarkako laugarrena
Duela zazpi urte hasi zuen Joseba Tapiak bere bakarkako ibilbidea “Apoaren edertasuna”rekin. “Quebec” etorri zen ondoren. “Agur Intxorta maite” atera zuen segidan 1936ko gerraren inguruan sortu zen euskal kantugi antifaxista bilduz. Eta “Real politik” du laugarrena. Bakarkako disko horiek tematikoak izan dira, gai nagusi baten ingurukoak, alegia. «Laugarren hau 14 kantuz osatua da esan zuen Tapiak. Hitzen eta musikaren aldetik aniztasuna bilatzen saiatu naiz, lehengo poeta eta bertsolariekin batean gaurkoak sartu baititut, bertakoak eta kanpokoak. Pare bat bertsio egiten ere ausartu naiz». Eta aniztasun horren lekuko, hamalau kanta horiek jorratzen dituzten gaiak aipatu zituen: «Langile pobrearen miseriak, Ameriketako politika euskal artzain baten ikuspuntutik, umeen kartzelak, maitasun utopikoa, neokolonialismoa, elikagaien pozoitzea, bide gorrian gerta daitezkeen istripuak, Bilbao izeneko kabareteko gauak, errepublikano eta nazionalisten arteko bizkar-berotzeak...».Ohikoak ez dituen estiloetan ere kantuan ausartu dela aitortu zuen eta “Bilbao song” eta “Umearen ehiza” aipatu zituen. «Berlingo kabaret zaharretako doinu bat da lehena eta Jacques Preverten hitzak eta Joseph Kosmaren musika ditu bigarrenak», esan zuen, baina horiekin batean kopla tradizionalak eta bertso kutsuko doinuak ere aurkituko ditu entzuleak diskoan. JoxeMari Lopetegi irundar bertsolari errepublikanoarekiko mirespena agertu zuen beste behin, haren bertso sorta sartu baitu diskoan. Izagirreren “Zoragarria ez al da?” jarri du diskoaren atariko eta poeta beraren “Lagun galduaren geografia” eta “Real politik” ondoren. Gandiaga, Aresti, Joxerra Garzia eta Eneko Barberena ere ageri dira poeta kutunen zerrendan. Azken horrena da “Paris-Dakar” ikusgarria.
«Posible dena lortzeko ez dugu politikarik behar»
J. A. DONOSTIA Xabier Gantzarain idazleak egin zuen trikitilari hain berezi honen soslaia. «Joseba Tapiaren bidea noiz okertu zen hainbeste, ez da erraz asmatzen. Garai batean, betaurreko beltzekin eta Public Enemyren txapelarekin igotzen zenean oholtza gainera, antzematen zitzaion okerreko bidean sartua zela, baina gaztea zen eta barkatu egiten zitzaion. Baina orain, gizon prestua eta jende zintzoa izateko tenorea iritsita, zuzenbidea baztertu eta okerreko bidetik» jarraitzen zuela esan zuen. Okerreko bideei dien zaletasunaren froga asko eman zituen aurkezpenean ere Tapiak. Diskoari izenburua eman dion kantaren inguruan ari zela esan zuen. «Politika posibilista eta errealista adierazten du kantak. Hitz horien atzean dagoen gezur politikoa agertzen du. Oso zabaldua dago gezur hori eta hori salatzen du kantuak. Posible dena egiteko ez dugu politikarik behar, horretarako daude gestoreak eta teknikariak. Ezinezkoa dirudiena lortzeko beharko luke politikak», esan zuen, esate baterako. Hiru Truku, eskola garrantzizkoa
«Kantu zaharren inguruan Ruper Ordorikak eta Bixente Martinezek zuten ikuspuntua sorpresa izan zen niretzat. Lehengo modura egin nahian, sotiltasuna, sinpletasuna eta gordintasuna bilatzen zuten, justu nik ordura arte egina nuenaren kontrakoa, nik deigarria izaten eta behatzak azkar mugituz, birtuosismoa, inprobisazioa, eragin berriak eta txapelketak landu bainituen. Nik hala ulertzen nuen modernotasuna. Eskola garrantzizkoa izan zen niretzat», esan zuen Hiru Trukurekin egin zuen ibilbidea aztertu zuenean. -
|
|
|
| |
|
|
|
|
|