Garoñako mobilizaziorako deia zabaldu du Batasunak
GASTEIZ
Datorren larunbatean Garoñako zentral nuklearraren itxiera exijitzeko, Gasteizen deituta dagoen manifestazioan parte hartzeko mezua helarazi zuen atzo Batasunak. Mobilizazioa 19.00etan abiatuko da Andra Mari Zuritik. Batasunaren aburuz, «frankismotik» oinordetzan hartutako zentral «arriskutsu eta zaharkitu» horren irten- bide «bakarra» berehala ixtea da. Azkenengo asteetan Garoñan izandako hiru geldiuneak eta luzapena dela-eta Madrilgo gobernuak 2009. urtera arte itxarongo duela gogora ekarri ostean, kalera irtetea «inoiz baino beharrezkoa dela» nabarmendu zuen Batasunak. «Hamarkadak daramatzagu itxieraren inguruko hitz politak entzuten eta gero luzapenak besterik ez dira izan», arbuiatu zuen. Itxierarekin batera, energiaren inguruko eztabaida sakona egon beharko litzatekeela nabarmendu zuen. Alegia, «hain estimatua den ondarea espekulazioen atzaparretatik at mantentzea».
|