Uribarri Ganboan egingo duten kanpina salatu dute
GASTEIZ
Osatu berri den Urtegia Bizirik plataforma aurkeztu zuten atzo Gasteizen. Uribarri Ganboako Santiagolarra auzoan eraiki nahi duten kanpinaren proiektuaren aurka lan egiteko osatu da eta mementoz, Uribarri Ganboako Administrazio Batzarreko presidente eta, era berean, proiektuaren sustatzaile denaren aurkako salaketa aurkeztu du epaitegian, «irregulartasunak» direla medio. Kanpina egin nahi den lurren «hirigintza-berkalifikazio» prozesuaren barruan egin diren jarduerak «funtzionario publikoentzat debeku» izan daitezkeela eta ondorioz, «delitua» egon daitekeela nabarmendu zuen. Egitasmo horren aurka Uribarri Ganboan eta Landan jaso izan diren 200 bat sinadurarekin bat egin zuen Urtegia Bizirik-ek. Kanpinak eragingo lituzkeen zaratengatik, zirkulazioagatik, kutsaduragatik eta ingurumenean sortuko lituzkeen «erasoengatik» daude gehienbat arduratuta inguruko bizilagunak. Alde horretatik, azpiegitura hori ingurumenean «eraso gehiago» sortuko lituzkeen «aurrekari larria» izango litzatekeela aipatu zuen. Salaketaz gain, bestelako ekimenak aurrez ikusten ditu plataformak. Proiektuaren aurkako eta Uribarri Ganboako urtegiko inguruneen aldeko manifestua prestatzea du buruan, ondoren atxikimenduak lortu eta sinadura bilketa «erraldoia» gauzatzeko asmoz.
|