Luma Gorri, Subijana eta Euskaltel, Kalitatea sariak
BARAKALDO
Baserriko oilaskoen hazkuntzan diharduen Luma Gorri elkarteak, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeak eta Pedro Subijana sukaldariak aurtengo Kalitatea sariak jaso dituzte. Kalitatea Fundazioak eta Lakuako Gobernuko Nezkazaritza eta Arrantza Sailak aukeratzen dituzte saridunak, eta kalitatezko euskal produktuen sustapenean aritzen diren erakundeak zein pertsonak goraipatzea dute helburu. Luma Gorriri dagokionez, 60 baserritar biltzen dituen elkartearen lana nabarmendu dute, kalitatea ziurtatzeko egindako apustuagatik, eta aurten 500.000 oilasko inguru hil eta prestatuko dituztela jakinarazi dute. Pedro Subijana sukaldari ospetsuari kalitatezko euskal produktuen irudia zabaltzeagatik eman diote Kalitatea saria. Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeari dagokionez, lehen sektorearekin zerikusirik ez badu ere, deialdi horren barruan aparteko atala dago, eta egindako lan eta merezimendua aitortzen duen saria jaso zuten txirrindulariek. V. Kalitatea Sariak BECen izan ziren. Bertan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak lehenengo sektorean lan egiten duten ia 14.000 lagunen zeregina goraipatu zuen, eta elikagaien segurtasunaren inguruan egondako arazoak aipatu zituen, euskal produktuek duten kalitateaz kontzientzia hartzeko deia egiteko.
|