GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-19
Bidezko Merkataritza tokia hartzen ari da egunerokoan
Gero eta gehiago dira Bidezko Merkataritzaren bitartez euskal saltokietara iristen diren produktuak, eta gero eta gehiago horiek eguneroko erosketen saskian sartzen dituzten herritarrak. Setem Gobernuz Kanpoko Erakundeak emandako datuen arabera, joan den urtean milioi bat euro baino gehiago gastatu zituzten euskaldunek produktu horietan.

DONOSTIA

«Bidezko Merkataritza ez da dagoeneko gutxiengo baten mugimendua». Halaxe adierazi zuten atzo Donostian Setem Hego Haizea Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideek. Joan den urteko balioespena aurkeztu zuten eta, nabarmendu zutenez, milioi bat euro baino gehiago gastatu zituzten euskaldunek Bidezko Merkataritzako produktuetan.

Estatu espainoleko eta EAEko datuak parekatu zituzten eta Estatuan produktu horietan gastatu diren hamabost milioietatik milioi bat baino gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gastatu izana nabarmendu zuten. «Euskadi da, Kataluniaren atzetik, biztanleko salmenta handiena duen autonomia erkidegoa», agertu zuten. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mila biztanleko 485 euro inguru gastatzen dira produktu horietan.

Salmenta gehienak Bidezko Merkataritzako denda espezializatuetan egiten dira, baina bestelako salmenta bideak indartzen ari dira; sukaldaritza, edari beroen makinak, enpresa opariak edo Internet bidezko salmenta, esaterako.

Produktu motari dagokionez, salmenten %60 elikagaiak dira, eta horien erdia, kafea. «Nabarmentzeko da, hala ere, artisau produktuen salmenta asko jaitsi dela», agertu zuen Setem elkarteko Garbiñe Mendizabalek.

Jatorriari buruzko datuak ere ezagutarazi zituzten. Dagoeneko 42 dira Bidezko Merkataritzako produktuak esportatzen dituzten Afrikako, Asiako eta Amerikako herrialdeak. Oro har, beraz, goranzko joera dago produktu horien salmentan. «Baina beste erkidegoetan baino igoera txikiagoa izan dela islatzen dute datuek», gaineratu zuen Mendizabalek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2000 eta 2005 urte bitartean urtean batez beste %6,2 igo da produktu horien salmenta. Galizian eta Katalunian, berriz, %69ko eta %25,9ko igoerak izan dira hurrenez hurren.

Eroski Fundazioko Begoña Larrañagak ere parte hartu zuen atzoko agerraldian, Setemen kanpainen babesle baita Eroski. Agertu zuenez, Eroskiren saltokietan 1997an hasi ziren Bidezko Merkataritzako produktuekin lanean, eta azken urteotan gorakada izugarria izan dute salmentek. Hala ere, oraindik produktu horien ezagutza murritza dela esan zuen.



Ardatz sozialak eta ekologikoak nagusi
A.M.
DONOSTIA

Bidezko Merkataritzak helburu dauka ohiko merkataritzaren alternatiba izatea. Hartara, aberastutako herrietako merkatuan toki egin nahi die pobretutako herrietan ekoitzitako produktuei. Pertsonekiko errespetua, balio sozialak eta ekologikoak eta bitartekotza eza dira merkataritza mota horren ardatzetako batzuk; izan ere, irizpide ekonomiko eta merkantilista hutsetatik ihes egin nahi baitu.

Setem Hego Haizea Gobernuz Kanpoko Erakundeak agertu zuenez, Bidezko Merkataritzak «soldata eta lan-baldintza duinen alde» lan egiten du eta, horretarako, salmentarako gutxiengo prezioak finkatzen ditu. Gainera, epe luzerako harreman komertzialak finkatzen dira, eta salmenten zati bat aurrez ordaintzen da, erdia inguru, «ekoizleek egunerokoan dituzten beharrak asetzeko moduan», azaldu zutenez.

Haurren esplotaziorik ez dagoela, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen dela, parte-hartzean oinarritu prozesu bat dagoela eta ingurumena errespetatzen dela ziurtatzen du Bidezko Merkataritzaren egiaztagiria daukan produktuak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
«Gracias a que seguí haciéndome controles; si no, yo no estaba aquí»
Mundua
Tel Aviv presiona al pueblo palestino intensificando sus operaciones militares
Kirolak
Un «fallo» de cinco millones de euros
Ekonomia
Paueko Laborantza Ganberarako bozen kontaketa-sistema arbuiatu du ELBk
Euskal Herria
Batasuna destaca que el proceso vasco ya está en la agenda europea
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss