Ameriketan izandako 300 bat artzain bilduko dira igandean Lesakan
LESAKA
Urteak dira Ameriketan artzain ibilitako hainbat sunbildarrek maiatzaren 1ean topaketa moduko bat egiten dutela. Herri horretatik jende asko joan zen bizimodu hobearen bila itsasoaz bestaldera, baina ez ziren izan hori egin zuten euskaldun bakarrak. Baztan-Bidasoa eskualdetik hara joandakoen topaketa antolatu dute aurten lehenengoz, eta Lesakan izango da datorren igandean. Hainbat ekitaldi izango dira igandean: meza bertan izango dira, besteren artean, Xalbador bertsolaria eta Erramutzpe eta Martikorena abeslariak, ardiak zaldiz eramango dituzte herrian zehar, ardi-mozte erakusketa bai eskuz bai makinaz, gaztagileen erakusketa, zintzarri erakusketa, bertsolariak, bazkaria eta sorpresa pila bat. Halaxe adierazi zuen Lesakako zinegotzi Laura Igantzik. Jaiaren aurkezpenean Sunbillako Artzainen Elkarteko bi kide ere izan ziren, eta horien esanetan, 300 artzain inguru bilduko dira Baztan-Bidasoatik, Malerrekatik, Ultzamatik, Izabatik, Ipar Euskal Herritik, Aezkoatik, Errotik, Larraundik eta beste lekuetatik. Artzain Mundua erakundeko Miren Elgarresta ere izan zen aurkezpen ekitaldian, eta artzainek «eguneko protagonista nagusiek», azaldu zuen halako errekonozimendua merezi dutela adierazi zuen.
Liburua eta beste proiektuak
Dena den, jai horrek ez duela «hondar puntua» izan behar adierazi zuen Jesus Goldarazek, Doneztebeko apaiz eta Sunbillako artzainen liburuaren egile nagusietakoak. Gainera, artzain gehiago bilduko dituen «proiektu zabalago» bat aipatu zuen, baina oraindik ezin dutela ezer gehiago adierazi esan zuen.Bestalde, Bortzirietako artzainen gaineko liburua ia prest dagoela eta urriaren 25ean aurkeztuko dutela jakinarazi zuen Igantzik. Azkenik, Artzain Mundua artzainen «testigantza aberatsak» bilduko dituen proiektu batean lanean ari dela adierazi zuen Miren Elgarrestak.
|