Egitarau oparoa Zizurkilgo IX. Azoka Berezirako
·Baserriko produktuekin eta artisautza lanekin 37 salmahai jarriko dituzte
Urtero legez, baserrietako jakiak eta artisautza produktuak erosteko aukera paregabea izango da igande honetan, Zizurkilen, IX. Azoka Berezian. Bestelako ekintzak ere antolatu dituzte, gainera. Aipagarrienen artean, bazkalordurako prestatuko duten paella erraldoia da.
ZIZURKIL
Bederatzigarrenez, Zizurkilen Azoka Berezia egingo dute heldu den igandean. Orotara, 37 salmahai izango dira aurten, herrikoak, eskualdekoak, eta probintziaz kanpotik etorritakoak.Bertan izango diren artisau produktuen artean orotarik aurkituko da: egur taila produktuak, xaboiak, zurezko jostailuak, bitxiak, euskal jantziak... Horiek guztiak ikusi eta etxeratzeko aukera izango du bertaratzen denak. Janari eskaintza ere ez da nolanahikoa izango, barazki eta fruituak ez ezik, eztia, txerrikiak eta esnekiak erosteko aukera izango baita. Guztiak ondo saiatzen dira, gainera, etxeko onenak azokara eramaten, jokoan izaten baita Zizurkilgo Azoka Bereziko Saria. Bertan jakinaraziko dute, halaber, Zizurkilen Barrena Bekako bekadunaren izendapena. Azokaren harira, gainera, beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Hala, bazkalordurako paella erraldoi bat egingo dute; eta ilunabarrean, berriz, bertso jaialdia antolatu dute Anjel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Unai Iturriaga eta Xabi Paia bertsolariekin. Haurrek ez dute aspertzeko betarik izango. Goizerako, rokodromoa eta arku tiraketa antolatu dituzte; arratsaldean, berriz, poney-etan paseotxo bat egiteko aukera izango da. Asteburuan badira, gainera, azoka gehiago. Errenterian, III. Landa Lur Azoka izango da larunbatean, Gamon zumardian. Bertan, eskualdeko baserritar eta artisauen produktuak izango dira aukeran.
|