- Aurkezpena
Nazabal ez da Tolosan izango, ez eta bere ordezkorik ere
TOLOSA
Ahotik ahora zebilen berria baieztatu zen atzo Tolosan egin zen aurkezpenean. Floren Nazabal ez da igandean Tolosako finalean izango. Etxarriko aizkolariak gerriko arazoak ditu oraindik, eta une honetan ez dago aizkoran aritzeko moduan. Beraz, Euskal Herriko finalari uko egin behar izan dio, orain dela bi aste Txapeldunen Ligako finalari egin zion bezala, eta badirudi hilaren azken igandean Lakuntzan jokatuko den Nafarroako finalean ere ez dela izango.Kanporaketari begira jarrita, Joxemiel Peñagarikanori zegokion igandean bere lekua hartzea, baina Beizamako aizkolariak ezezkoa eman du, eta azkenean bost izango dira 12.00etatik aurrera jokatuko den saioan. Olasagasti,Larretxea, Azurmendi, Txapartegi eta Barberena. Lanerako launa kana-erdiko, 60 ontzako eta oinbiko izango ditzute. Final hau ikusi nahi duenak, berriz, Tolosara joatea beste erremediorik ez du izango, ez baitu telebistak eskainiko, ez zuzenean, ez eta aurretik grabatuta ere. Izan ere, ETB eta Federazioa ez dira adostu eta, beraz, ez da kamerarik izango zezen-plazan. Zaleek 20 euroan izango dituzte sarrerak.
Iratiko enborrak
Enborrak Federazioak jarriko ditu eta Iratikoak izango dira. Horrek aizkolari batzuk haserretzea ere eragin zuen, eta Olasagasti izan zen gehien nabarmendu zena. Bere ustez, enborren kontua ez omen da zaintzen, eta gero Gipuzkoako finalean gertatutakoa gertatzen omen da. Txapelketa hartan, aizkolari bakoitzak bi enbor gutxiago moztu zituen, bi horiek txarrak zirelako.Sarietan 12.000 euro gastatuko dira, eta horietako 3.000 euro txapeldunarentzat izango dira. Horrek ere nahikoa asaldatu zuen Igeldoko txapelduna, izan ere, bere esanetan, azkeneko urte hauetan sariak berak dira, eta aizkolariek galdu egiten dute lehiaketa hauetan. Aurten, ordea, berritasun bat ere izango da, aizkolari bakoitzaren kolpeak kontatu egingo dituzte-eta. Horrela, beraz, enbor guztiak mozten zenbat kolpe eman dituzten jakingo da amaieran.
|