Batasunak Iruñean izango den mobilizazioarekin bat egin du
Igande honetan, Auzitegi Nazionala salbuespenezkoa dela eta eskubide zibilen eta politikoen aurkako tresna dela salatuko dute Iruñeko kaleetan. Batasunak manifestazioan parte hartzeko deia egin du, eta PSOEri egotzi dio Auzitegiak egun duen izaera. Bestalde, Ertzaintzaren jarrera salatzeko dozenaka gazte elkarretaratu ziren Gasteizen.
IRUÑEA
Iruñeko hainbat eragilek Auzitegi Nazional espainolaren aurka igandean 12.00etan egingo duten manifestazioari atxikimendua adierazi dio Batasunak. Gainera, mobilizazioan parte hartzeko deia egin du «eskubide zibilen eta politikoen errespetuaren defentsan». Batasunaren esanetan, justizia auzitegiek jotzen dute gaur egun eskubide horien aurka. Indar independentistaren ustez, gainera, Auzitegi Nazionalak bere aurreko Orden Publikoko Auzitegiaren (TOP) funtzioa du: «Salbuespenezko auzitegi gisa, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen defentsan ari diren herri sektoreen borroka politikoa zigortzea».
Ertzaintzaren jarrera salatu Are gehiago, Batasunaren iritziz, «euskal herritarren eskubide zibilen eta politikoen defentsak Auzitegi Nazionala desegitea eta Euskal Herrian ezartzen den salbuespenezko legedia alboratzea dakar». Hala, egoeraren erantzukizuna eta hura iraultzeko ardura PSOErena dela esan du Batasunak. Bestalde, atzo arratsaldean, Ertzaintzak Olagibel kalean duen polizia etxe aurrean elkarretaratzea egin zuten Gasteizko dozenaka gazte independentistak, joan den astean Arabako hiriburuan bost lagun atxilotu izana eta bi gazte espetxeratu zituztela salatzeko.
|