Txabarri baztertu eta Jon Jauregi eseri nahi du GBBk Gipuzkoako Aldundian
Udalbiltzako lehen presidente Jon Jauregiren alde egin du GBBk Gipuzkoako zerrendaburua izateko. Atzo, herrialdeko EAJko buru Joseba Egibarrek jakinarazi zion Joxe Juan Gonzalez de Txabarriri erabaki hori, eta «harrituta» azaldu zen oraingo ahaldun nagusia. Dena den, erabakia «bere egin eta errespetatzen» duela adierazi zuen, baita hautagai alternatibo gisa ez dela aurkeztuko esan ere. Alderdiak pertsona «integratzaileak» behar dituela azaldu zuen.
DONOSTIA
EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek atzo jakinarazi zion Joxe Juan Gonzalez de Txabarriri ez dutela Gipuzkoako ahaldun nagusi gisa aurkeztuko datorren urteko hauteskundeetan. Haren ordez, GBBk Jon Jauregi proposatuko du kargu horretarako. Beasaindarra jaiotzez, Udalbiltzako presidente izan zen, baita Beasaingo alkatea ere (1999tik 2003ra). 2004. urtetik, Jauregi GBBko kidea da.Dena den, proposamen hori Gipuzkoako uri batzarretara (alderdiaren herrietako antolakuntza) eraman beharko dute orain. Bi uri batzarrek beste hautagai baten alde egingo balute, Jauregiren eta daitekeen beste horren artean aukeratzeko prozedura abiatu beharko lukete. Albistea jaso eta orduetara egin zuen agerraldian, Txa- barrik erabakia bere egin eta errespetatzen duela adierazi zuen, eta lehian jarraitzeko asmorik ez duela esan zuen. Dena dena, erabakiarekin «harrituta» agertu zen. Egibarrekin izan zuen bileran, EAJren «zuzendaritzarekin eta militantziarekin kolaboratzen jarraitzeko nahia» azaldu zuen. «Bilkura era adiskidetsuan amaitu da, liseriketa pertsonalak aparte», helarazi zuen. Alde horretatik, oraindik ere «liseriketa egiten» ari zela aipatu zuen. Duela hilabete eskas batzuk, hautagaitzaren buru izateko asmoa agertu zuela adierazi zuen atzoko agerraldian. GBBren erabakiak Josu Jon Imazi EAJko presidente izan zedin eman zion babesarekin zerikusirik ote duen galdetu zioten hedabideek: «Halako galderak erabakia hartu dutenei egin behar zaizkie, berei dagokie-eta azalpenak ematea». «Sistema demokratikoan minoria izaten jakin behar da, naturaltasunez hartu behar da», gaineratu zuen. Haren hitzetan, alderdiak pertsona «integratzaileak» behar ditu. Maribel Vaquero, Batzarretarako
Maribel Vaquero proposatu du GBBk Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakarigai, Leire Ereño egun kargu hori betetzen duenaren ordez. Vaquero Urnietan jaio zen eta bertako zinegotzia da 1995etik. 1993tik Urnietan afiliatua da. Euskalduna eta Zuzenbidean lizentziaduna da. -
|