Kalean da «Jakin» aldizkariaren azken alea
BILBO
Lau artikuluk osatzen dute “Jakin” aldizkariaren aurtengo bosgarren zenbakia, 155.a. Hainbat gai lantzen dira Iñaki Soto eta Julen Zabaloren, Pruden Gartziaren, Gema Lasarteren eta Karlos Santiago, Jose Francisco Lukas eta Olaia Jimenezen artikulu horietan.
Lehenengo artikuluan, Iñaki Sotok eta Julen Zabalok autodeterminazio eskubidearen inguruan dauden teoriak aztertzen dituzte: aukeraren teoriak, kausa zuzenen teoriak, nazio-autodeterminazioaren teoriak eta autodeterminazio eskubidea gatazkak konpontzeko bitarteko gisa ulertzen duen teoria.
Pruden Gartziak, bigarren artikuluan, Iruña-Veleiako aurkikundeetatik abiatuz, euskararen eta euskal eta espainiar nazionalismoen arteko harremanari buruzko gogoeta bat egiten du. Gartziaren iritziz, Gerra Zibiletik hona ezkerreko espainiar nazionalismo progresistaren eta euskal nazionalismoaren artean akordio politiko bat egon da, sentimendu konpartitu bat, euskararen iraupena eta berpizkundea sustatu duena. Baina paradigma hori, egilearen ustez, egun agortuta dago. Iruña-Veleia, funtsean, euskararentzako diskurtso berri baten posibilitatea izan daiteke.
Gema Lasartek, hurrengo artikuluan, pertsonaia femeninoek euskal eleberrigintza garaikidean (1975-2000) duten presentziaz dihardu. Hala, hainbat nobelatako protagonista femeninoak aztertzen ditu. Nobela horiek idazle hauenak dira: Mariasun Landa, Arantxa Urretabizkaia, Joan Mari Irigoien, Anjel Lertxundi, Laura Mintegi, Pello Lizarralde, Aingeru Epaltza, Itxaro Borda, Bernardo Atxaga, Yolanda Arrieta, Pako Aristi, Lourdes Oñederra eta Ixiar Rozas.
Laugarren artikuluan, azkenik, Karlos Santiagok, Jose Francisco Lukasek eta Olaia Jimenezek Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako eskola-liburutegien egoerari buruz 2004-05 ikasturtean egindako ikerketaren testuingurua, metodologia, emaitzak eta ondorioak eskaintzen dituzte. “Egunen gurpilean” saila dator azken orrialdeetan eta azken hilabeteotako berrien iruzkin labur eta biziak dakartza.
|