Haur eta gazte literatura aztertu du Lopez Gasenik
Haur eta gazteei zuzendutako literatura izan du aztergai Manu Lopez Gasenik «Literaturak umeei begiratu zienean» lanean. Pamielarekin atera du, eta gai horren gainean urteetan egin azterketatik sortutako ideiak, materialak eta gogoetak bildu ditu: zerk bultzatzen duen idazlea literatura hori idaztera, merkatua, kritikaren zeregina eta beste.
IRUÑEA
Argitaratutako azken lana, “Literaturak umeei begiratu zienean”, «bazterretik» idatzi du Manu Lopez Gasenik; «ertz askotatik», alegia. Horixe aitortu zuen, behintzat, Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigaryrekin batera Iruñean egindako aurkezpenean.
«Bazterretik» idatzitako lana saiakera bat da; hain zuzen, haur eta gazte literaturaren azterketa sakona egin ostean osatutakoa. «Bazterretik diot, aztergai nagusia haur eta gazte literaturaren eta itzulpengintzaren ikuspegitik dagoelako egina, eta nahiko bazterreko gaiak dira», azaldu zuen Lopez Gasenik.
Aztergai horiek «talaia interesgarria» eman zioten egileari lanean aritzeko, eta, bide batez, «‘literatura nagusiaren’ garapena ikusteko eta mekanismoen berri emateko», idazleak adierazi zuenez.
Irigarayk argitu zuen liburua arina dela, «ulerterraza», eta lehen kapituluan, haur eta gazte literatura idazten dutenei «hori zergatik aukeratzen duten» galdetzen zaienez, horren gainean mintzatu da. Hurrengo kapituluetan, helduen literatura eta haur eta gazteena aldentzen dituzten «estrategiez» mintzatu da Lopez Gaseni: «Idazle hauek idaztera bultzatzen dituzten arrazoiak, hau da, ez da ezinegon batetik atera baizik eta asmo hezitzaile batetik; bitartekarien afera, umeei ez zaizkie-eta zuzenean iristen liburuak, irakasle edo gurasoen bidez baizik; kritika, uste okerra baitago, kritika umeek egin beharko luketela pentsatzen baita, eta hori ez da egia; hartzaileen berezitasunak...».
“Literaturak umeei begiratu zienean” iazko Becerro de Bengoa saiakera saria irabazi zuen; Arabako Foru Aldundiak ematen duen saria, hain zuzen.
|