- Lau eta Erdia
Aimar Olaizola:«Ez dut uste aurkaririk errazena tokatu zaidanik»
·Final-laurdenetako kanporaketek aurrekari bakarra dute: Aimar eta Gonzalez 2004an
GASTEIZ
Joko handirik gabe, baina Lau eta Erdiko txapelketak erdia osatu du, eta asteburu honetan lau zerrendaburuak sartuko dira jokoan, finalerdietako ligaxkarako toki bat lortu nahian. Aimar Olaizola txapeldunari ere heldu zaio jokoan sartzeko garaia, eta itxura guztien arabera, astelehenean Tolosan ikusitakoaren arabera bai behintzat, kanporaketarik errazena egokitu zaio Sebastien Gonzalez azkaindarraren aurka.Galarza VI.aren aurkako kanporaketa amaitu bezain laster, Azkaineko pilotaria bera izan zen, jokoan hobekuntza handirik egin ezean, Goizuetako aurrelariaren aurka zereginik ez daukala aitortzen lehena. Baina aurkariari zor zaion errespetuagatik, edo gauzarik onenak eta txarrenak egiteko gai den pilotaririk bada, hori Sebastien Gonzalez delako, Aimar Olaizolak zuhurtziaz hartu du lapurtarraren aurkako dema. «Jende askok esan dit aurkari erraza tokatu zaidala, baina ni ez nago horrekin ados», adierazi zuen pilotariak bere enpresaren web orrian. «Astelehenean Tolosan izan nintzen eta nik ondo ikusi nuen. Gainera, Sebastien oso pilotari arriskutsua da eta kantxan erakutsi behar da», azaldu zuen. Aspekoak orain arte erakutsitako joko eskasaz gain, aurrekari guztiak ere alde dauzka Aimar Olaizolak; izan ere, buruz buru elkarren aurka aritu diren lau aldietan Goizuetakoak irabazi du, eta binaka ere behin baino ez du galdu, orotara jokatutako hamahiru aldietan. Bakarkako lehietan, gainera, nahikoa erraz nagusitu da Aimar. Azken aurrekarian eman zizkion lapurtarrak arazorik gehien, eta aurtengo buruz burukoan hamahiru tanto egin zituen Labriten. 2005ean seian utzi zuen Tolosan, eta bost tanto baino ez zizkion egin Astelenan 2003an.
Aurrekari bakarra
Dena dela, polita geratu da 2006 honetako final-laurdenetako koadroa, batez ere berritzailea izateagatik. Izan ere, Olaizola II.ak eta Gonzalezek 2004an Barakaldon jokatutako partida baita inoiz kaiolan izan den aurrekari bakarra enpresen datuen arabera. Orduko hura final-zortzirenetako lehia izan zen, eta Goizuetakoak 22-12 menderatu zuen lapurtarra. Gainerako kanporaketei erreparatuta, Titin eta Oinatz Bengoetxea ez dira sekula elkarren aurka buruz buru aritu binaka nafarrak zortzi garaipen lortu ditu, eta errioxarrak, 5. Barriolak eta Patxi Ruizek behin baino ez dute elkarren aurka jokatu, 2003an Buruz Burukoan 22-14 irabazi zuen Lizarrakoak, eta Xala eta Martinez de Irujo ere gutxitan aritu dira elkarren aurka banaka. Biak 2004an buruz burukoan izan ziren eta bietan, final handia barne, Iberokoa atera zen irabazle.Aimar astelehenean izan zen debuta egingo duen Balmasedako pilotalekuan Agirrerekin entrenatzen, eta bere aukerei buruz galdetuta, oso zuhur agertu zen. «Txapelari eustea oso garesti dago txapelketa oso irekita dagoelako. Nik, dena den, Gonzalezen aurkako partida soilik daukat buruan».
|