|
|
|
|
|
Euriak ere ez zituen hilerrietarako joan-etorriak eragotzi
·Horrek, ordea, hainbat kanposantutarako sarbideak gehiago oztopatzea eragin zuen
Azkeneko aste hauetan izan dugun eguraldi on eta leuna amaitu egin da, baina horren abisua emana ziguten iragarpenek. Hori dela-eta, eguraldi kaskarra ez zen aitzakia izan hilerrietara joatea eta norbere ingurutik alde egindakoak gogoratzea eragozteko.
|
IRUÑEA
Euskal Herri osoko zeruek egin zuten atzo negar eguneko uneren batean, zerua bera ere lurrean falta direnez oroitu eta beherago gaudenon antzera triste jarri izan balitz bezala. Izan ere, atzo Santu guztien eguna zen, eta beste behin ere, milaka pertsona etxeetatik irten ziren eta kanposantuetarako edo hilerrietarako bidea hartu zuten. Esan bezala, falta zaizkigunez gogoratzea beti nahiko zaila eta gogorra suertatzen bada ere, atzo are gogorragoa izan zen etxeko epeltasuna uztea, haize freskoari eta euriari, edo euria botatzea mehatxatzen zuten hodeiei, aurre egitea eta hilerrietaraino iristea. Hala ere, jendeak ez zuen atzera egin, eta beste behin usadioari eusteko adorea erakutsi zuten milaka pertsonak. Klimaren eragozpenei aurre egiteko, baina, jende asko autoaz baliatu zen, eta horrek, azken finean, urteroko arazoak are korapilatsuago izatea ekarri zuen. Izan ere, hainbat herri eta hiritan izan ziren auto ilarak hilerrietarako sarbideetan. Nahiz eta udaltzainek dispositibo berezia jarri, Iruñean eta Derion adibidez, halakoak gertatu ziren; jenderik gehien bildu zen orduetan batez ere. Gasteizko Santa Ana hilerrian eta Baionakoan, hala ere, arazo gutxiago egon zen.
Egun ugari joanak gogoratzeko
Iruñeko Udaltzaingoaren esanetan, goizeko lehen orduetan hasita eta eguerdira arte gutxienez, hiriburuko hilerrian sumatzen zen jendearen joan-etorria «masiboa izan zen». Nahiz eta jende mordoa joaten den azaroaren lehenengo egunean hilerrietara, jendetza are handiagoa izango litzateke eta, beraz, sartu-irtenak egiteko arazoak ere handiagoak izango lirateke jende askok aurreko egunetan joateko ohitura izango ez balu.Izan ere, urtetik urtera jende gehiagok alde batera uzten du masifikazio hori, eta kanposantura aurreko egunetako batean joatearen alde egiten du. Hala izanik, nahiz egun jendetsuena atzokoa izan, hilerriek aste osoa daramate joan-etorri ugariak nozitzen: batzuk hilobia garbitzeko, beste batzuk lore berriz apaintzeko eta beste batzuk jendetza ekidin eta lasaiago egotearren. Azken erabaki horren ildotik, bada Santu guztien eguneko gertaerak «lotsagarritzat» jotzen dituenik ere. Beste maila apalago eta lasaiago batean bada ere, Euskal Herriko herri eta hiririk gehienetan ikusi ahal izan ziren atzo hilerrirako joan-etorriak, leku batzuetan oso jendetsuak eta besteetan ez horrenbeste, batzuetan egundoko lore sortekin eta beste batzuetan txikiagoekin. Dena den, beste behin ere argi geratu da honakoa: euskaldunok ez dugu ahazten.
Lore erosketen gainbehera eta errausketen gorakada
IRUÑEA Santu guztien egunean ohitura den legez, aurten ere ez dira inongo hilerritan falta izan lore koroa eta erramu ederrak. Alabaina, gero eta gutxiago erosten dira halakoak eta, nahiz aste honetan salmentak nabarmen hazten diren, urtetik urtera beheraka doa Santu guztien egunerako saltzen den loreen kopurua. Duela zenbait urte hasi zen lore salmenten beherakada, eta aurtengoa, hasierako datuen arabera, %6 ingurukoa izango da. Hori azaltzeko, lore saltzaileek bi arrazoi nagusi aipatu ohi dituzte: batetik, gizartean gero eta nabariagoa den ohitura aldaketa, eta, bestetik, errausketaren alde gero eta gehiago egitea. Lehenari dagokionez, gazte jendeak hilerrira joateko gero eta ohitura txikiagoa duela aipatzen dute, usadioa poliki-poliki galduz doala. Errausketari dagokionez, berriz, lore salmentekin gertatzen denaren alderantzizkoa pasatzen da. Izan ere, gero eta jende gehiagok egiten baitu aukera horren aldeko hautua. Datuek argi eta garbi erakusten dute joera hori, Nafarroan eta Bizkaian hiltzen diren pertsonen erdiak errausten baitira gaur egun. Dena ez da hor amaitzen, ordea, gero errautsekin zer egin jakin behar baita. Askok kutxa batean gordetzen dituzte, baina beste askok bere errautsak leku jakinen batean barreia daitezen nahi izaten du. Azken datuen arabera, gero eta nafar gehiagok nahi izaten du leku hori Sadar futbol zelaia izan dadila. Uxueko Udala Bideetako Gurutzea dagoen lekuan errautsak barreiatzea debekatzea eztabaidatzen ari da, lekua hartzen ari den itxura dela-eta.
|
|
|
| |
|
|
|
|
|