GAZA
Mahmud Abbas Abu Mazen palestinar presidenteak berehala gaitzetsi du israeldarren eraso «zitala», eta Ismail Haniyeh lehen ministroak prentsaurrekoa eman du Gazan bere balioespena emateko. «Palestinar herriaren eta Gobernuaren aurkako presioaren beste kapitulu bat da operazioa», esan die Haniyehk kazetariei.
Lehen ministroaren iritziz, Ehud Olmertek bere Gobernuan Lieberman «ministro erradikala» sartu izanaren ondorio da atzoko erasoaldia.
Asteartean, Gazako hegoaldeari egokitu zitzaion okupatzaileen erasoa jasatea; atzo, berriz, iparraldeari. Israelek hiru palestinar hil zituen asteartean, eta beste zazpi atzo.
Lekukoek eman dituzten datuen arabera, atzoko erasoaldian hogei ibilgailu blindatuk, helikopteroek eta piloturik gabeko hegazkinek hartu zuten parte. 20.000 biztanle inguru dituen Beit Hanun hirira sartu ziren bi puntutatik, erdigunera iristeko. Hondeamakina militarrek, berriz, inguruko ereiteko moduko lurrak suntsitu zituzten, eta bertatik erresistentziak suziriak botatzen dituela esan zuten. Helikoptero batek Beit Hanuneko iparraldean lurreratu behar izan zuen, uste denez, zauritutako soldaduren bat erietxera eramateko.
Geroxeago, Al Aksako Martirien Brigadek Al Fatah mugimenduaren ingurukoak jakinarazi zuten lurperatutako bonba leherrarazi zutela okupatzaileen ibilgailu bat pasatzean.
Gazan Armada «lanean» ari zen bitartean, Israelgo Gobernuak bilera egin zuen Jerusalemen, erasoaldiak areagotzeari argi berdea emateko. Bertako hedabideek nabarmendu dutenez, Avigdor Lieberman ministro berriak Israel Beitenu eskuin muturreko taldekoa aipatzeko moduko proposamena egin zuen. Mehatxu Estrategikoetarako ministroak proposatu zuen Errusiak Txetxenian egiten duena egitea Gazan.
Edonola ere, Liebermanen ideiak ez ziren aurrera atera, beste gobernukide batzuek uste baitute erasoak horrenbeste areagotzeak egoera gaiztotuko lukeela. Amir Peretz laboristak ez ditu argi ikusten Armadako buruen proposamenak.
Zisjordanian ere izan zen atzo Armadaren operaziorik. Ibilgailu blindatuek Nablus, Jenin eta Tulkarem hiriak hartu zituzten eta makina bat lagun eraman.