Galdakaon zizen gastronomia lehiaketa izango da igandean
BILBO
Galdakaoko Zizen Gastronomi Lehiaketak 32. edizioa beteko du datorren igandean, azaroaren 5ean. Hitzordua Kurtzeko plazan jarria dute goizeko bederatzietarako, eta Bizkaiko zizen erakusketak eta eskolen arteko ziza lehiaketak osatuko dute festa.
Gastronomia lehiaketan, elkarteek eta banakakoek parte hartu ahal izango dute eta beren kontu joango dira zizak, tresneria eta beste motatako jaki edo osagaiak. Gainera, epaimahaiak zizak prestatu aurretik ikusi eta aztertu beharko ditu. Hortik aurrera, parte-hartzaile bakoitzak bere errezeta onenak erabili ahal izango ditu epaimahaia txunditzen saiatzeko. Irabazleak txapela eta 300 euroko saria lortuko du. Baina, horrez gainera, beste hamaika sari ere izango dira. Bertaratzen direnentzat, berriz, ziza pintxoak eta Arabako Errioxako ardoa izango dira.
|