Milaka aterki elkartu ziren Itziarko Perian
Denetarik topa daiteke Itziarko Perian, hamaika jantzi eta bertako produktuak beste hainbeste. Abere aukera ere kategoriakoa. Horregatik, eta euriak goiz guztian atseden hartu ez zuen arren, joateko asmoa zuena joan egin zen; aterkia hartu eta kito. Herria Sortzen herri mugimenduaren hitzordua arrakastatsu joan zen berriz.
ITZIAR
Itziarko Periak hamahirugarren edizioa bete zuen atzo. Eguraldia ez zen batere portatu, eta apenas egon zen ateri tarterik goiz guztian. Horregatik, harritzekoa zen azokara bildutako jendetza. Aterki azpian gordeta, milaka eta milaka izan ziren urteroko bihurtu den hitzorduarekin hutsik egin ez zutenak. Bidean sortutako auto-ilarek eta bazter guztietan aparkatutako autoek ederki erakusten zuten azokak atzo izandako arrakasta.Herria Sortzen herri mugimenduak antolatzen du Itziarko Peria 1994 urteaz geroztik, eta bertako lehendakari Jesus Arregik atzo agertu zuen «oso harrituta» daudela. «Ikaragarria izan da etorri den jendetza, udaberri osoko egunik kaskarrena egokitu bazaigu ere. Ez sinestekoa da», esan zuen. Guztira ehun bat postu izan ziren atzo, erdia inguru arropa eta halakoak saltzen zituztenak eta beste erdia bertako produktuekin osatuak. Denetarik topa zitekeen, hasi galtzerdietatik eta buka gazta onenetan. Abereak ere, ugari eta mota guztietakoak. Mela-mela eginda bukatu zuten buru guztiek, horientzat ez baitzen aterkirik. Hala ere, milaka begiratu jaso zituzten, etxeko txikienak gehienak.
Idien Lehiaketa Morfologikoa
Abereetan nagusi idia izaten da Itziarko Perian, lehiaketetan garrantzitsuena horixe baita; Idien Lehiaketa Morfologikoa, hain justu. Lau urtetik gorako idiak lehiatzen dira batetik, eta lau urtetik beherakoak, bestetik. Idi pare dotoreena eta itxurosoena saritzen du adituek osatutako epaimahaiak.Lau urtetik beherako idi pareetan Bidaniko Labaka baserrira joan zen lehenengo saria eta, bigarrena, Asteasuko Arrutirentzat izan zen. Lau urtetik gorakoetan, berriz, Elgoibarko Artasorena izan zen, epaileen iritzirako, idi pare dotoreena. Atal horretan bigarren saria Asteasuko Arrutirentzat izan zen berriro ere. Guztira, 23 idi pare aurkeztu zituzten atzo lehiaketara. Arratsaldekoan ere idiak izan ziren nagusi, dema izaten baita urtero Itziarko plazan. Ordurako eguraldia zerbait altxatu zen eta dotore joan zen arratsaldea.
Urtez urte gora doan azoka
Itziarko Periak urtez urte arrakasta izugarria izaten du. Horren zergatiaz edo sekretuaz galdetuta, antolatzaileak ere ez dira erantzuteko gai. «Ez dakigu zergatik, baina urtero-urtero igo egiten da bisitarien kopurua. 94an hasi ginenean mila kotxe kontatu genituen eta iaz, 7.000 kotxe eta 18.000 lagunetik gora», agertu zuen Arregik.Herria Sortzen mugimenduko lehendakariak nabarmendu zuen: «Gauzak ondo egitea gustatzen zaigu eta oso kritikoak gara gure lanarekin. Gainera, herritarren parte-hartzea izugarria da. Gaur ere atzogatik 120 lagunetik gora ari dira borondatez lanean dena ondo atera dadin». Itziarko Periak helburu garbia dauka: «Itziar berezko udalerri izateko gure aldarrikapena indartzea eta bide horretan Herria Sortzen ekonomikoki laguntzea». Aurrera begira, beraz, lanean jarraitzeko moduan dira.
|