Lea-Artibaiko zinegotziekin bildu dira gose-grebalariak
Lea-Artibain dago azken egun hauetan Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eskubideen aldeko ekimen ibiltaria. Atzo, hamar gose-grebalariak eskualdeko zinegotziekin bildu ziren Ibaetako Foroaren mozioa nola bideratu aztertzeko eta, batik bat, presoen inguruan hautetsi horiek hartu beharreko konpromisoetan adosteko.
MARKINA
Gose-greban dauden hamar lagunek Lea-Artibaiko zinegotziekin bilera egin zuten atzo, Markinan. Larriki gaixo dauden preso politikoak eta ezarritako zigorra betea duten presoak berehala eta inolako baldintzarik gabe aske utz ditzatela exijitzeko eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eskubide guztiekin Euskal Herrian izan dadin aldarrikatzeko elkartu ziren grebalariak. Bilkuraren xedea, Ibaetako Foroak plazaratutako mo- zioari bide nola eman erabakitzeaz gain, kargu publiko horiek har ditzaketen konpromisoak zehaztea zen.Mobilizazioek ere ez zuten etenik izan atzo. Markinan egun osoko enkartelada egin zuten; Ondarroan eta Lekeition, berriz, giza kateak egin zituzten. Gaur, aldiz, gose-grebalariak Bizkaiko eskualde horretako medikuekin bilduko dira, eta medikuen sektoreak euskal preso politikoen auziaren inguruan har ditzakeen neurri eta konpromisoen gainean eztabaidatuko dute luze eta zabal. Askatasunak urriaren 21ean abiatu zuen ekimen ibiltari hau bigarren jomugan dago; izan ere, Arrasaten ekin baitzion ibilbideari. Bigarren txanda larunbatean martxan jarri zuten Lea-Artibai eskualdean, bertan hamar lagunek hartu baitzuten gose-grebaren lekukoa (Arrasaten 15 izan ziren) Markinako plazan eginiko ekitaldi batean.
Egitarau oparoa
Baraualdiaz harago, Arrasaten bezala, era guztietako herri eragileekin eta pertsonekin harreman dinamikak martxan jartzen eta presoen eskubideen aldeko mobilizazioak egiten ari dira Bizkaiko eskualdean.Joan den igandean, esate baterako, Lea-Artibaiko suhiltzaileekin bildu ziren, eta datozen egunetan azalduko dituzten konpromisoak hitzartu zituzten bilkura horretan. Astelehenean, berriz, Gernikan, Urriko Azken Asteleheneko Feria zela-eta, gose-grebalariak bertaratu eta ordubeteko elkarretaratzea egin zuten han bildutako jendetzaren aurrean. Asteartean, Ondarroako gaztetxean Askatasuneko kide batek, euskal preso politikoen abokatu batekin batera, bizi osorako zigorrari buruzko hitzaldia eman zuen. Markinan, berriz, manifestazio zaratatsua egin zuten.
|