GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-03
Galeusca, tabuak gainditu nahian
Idazle katalanen, euskaldunen eta galiziarren Galeusca topaketak tabua du aztergai. Hiru «letren errepublika» horietako Isabel-Clara Simok, Ur Apalategik eta Camilo Francok «arau zuzentzaile»horien gainean hausnarketa egin eta guztiek sexua eta agintea aipatu zuten. Tabuak, finean, tentazioarekin du lotura: «Ukituegin nahi dut, baina izutu egiten nau ukitzearen ondorioak».

Zaila da tabuen gaineko eztabaida batean topikoei buruz hitz egiten ez amaitzea. Zer da tabua, azken finean? Iruńean entzundakoaren arabera, zuzentzailea da, zentsuraren anaia txikia, eraldatzailea eta itxura gordetzeko arma; hori guztia tentazioarekin duen lotura estua ahaztu gabe.

Egun hauetan Nafarroako hiriburuan egiten ari diren Galeusca idazle euskaldunen, katalanen eta galiziarren topake- tetan intzestu, sexu, erotismo, pornografia, erlijio, moral, zigor edo homosexualitateari buruzko kontuak entzun ziren tabuez hitz egitean.

Are gehiago, «arau zuzentzaile» horiek transgresioarekin lotu zituzten, hain zuzen, idazleek jarraitu beharreko bidea izan litekeen horrekin, azken finean, «idazlearentzat urratzailea izatea behar bat da ia-ia, helburu bat ez esatearren», azaldu zuen Isabel-Clara Simo idazle katalanak.

Nolabaiteko autozentsura

Atzo Ur Apalategi euskaldunak, Isabel-Clara Simo katalanak eta Camilo Franco galiziarrak izan zuten nor bere herriko literaturaren tabuen gainean hitz egiteko ardura. Bakoitzak abiapuntu desberdina izan zuen, baina guztiek lotu zuten tabua nolabaiteko autozentsurarekin.

Horiek hala, Camilo Franco topiko eta tabuen arteko loturaz mintzatu zen. «Garaiak erori egiten dira eta tabuak eraldatu. Ez dira desagertzen gizartea kontrolatzeko lanabesa baitira. Idarkeria bezala.Baina, indarkeria findu egiten bada, zergatik tabuak ez dira moldez aldatuko? Orain, noski, zibilizatu eta egunez egun zibilizatzaile ere sentitzen den gizarte batean gaude, Mendebaldekoan. Gizarte eroso bati beharbada tabu erlaxatu eta axolagabea dagokio. Tabu biguna, arratsaldeko seietan zinemara doan gizarte bati dagokion tamainakoa», esan zuen. Gizarte erlaxatua ala ez, Galiziako gizartea iraganari begira dago Francoren hitzetan, gaineratu zuenez, hein handi batean «iragana hobea izan zela uste dutelako, baina gezurra da».

Horregatik, «letren errepublika» den Galizian orain arte iraun duen topiko bati egin behar diote aurre: «Gizarte hiritarra ere bagara, landa-lurralde bat bakarrik osatzen dugula alde batera utzi behar dugu. Mendiaren bukolikotasuna alboratu behar dugu», gaineratu zuen.

Ur Apalategik bestelako ikuspuntua agertu zuen euskal literaturako tabuen gainean hitz egiteko. Hausnarketa bestelakoa izan zen, eta tabu fundatzailea izan zuen mintzagai, nazioaren tabua, alegia.

Horretarako XVI. mendera egin zuen jauzi, Etxepareren garaira. «Literatura eta politika bi anaia dira, euskara deritzon lurrean nazioa deitzen den baserria eraikiko dutenak, lehenak lurra hitzen bitartez erotizatuz, eta bigarrenak, lehenaren hitzek beroturik, bere indar falikoaz lur hori emankor bihurtuko du. Ez gaude urruti Cyrano de Bergeracen mitotik, ikusten denez, eta literaturari dagokio Cyranoren papera betetzea», esan zuen.

Apalategiren ustez, «nazioa euskararen laborategia» izan da eta nazio hitzak literaturatik politikara egin zuen jauzi, ez alderantziz. «Larramendi, Xaho edo Sabino Arana bera izan ziren literaturatik nazioaren eraikuntza egin zutenak», gaineratu zuen. Ezin gara harritu, hortaz, «Bernado Atxaga ‘ez abertzalea’ gure literatura nazionalaren ikur nagusi» bihurtu izanaz, nazioa tabu bihurtu baita euskal literaturan. «Saizarbitoriak dioen bezala, idazlea aberriaren alde eta kontra dago, aldi berean», gaineratu zuen. Horrela, gaur egun «tabu fundazionala eraikita dago eta euskal literatura aro postnazionalistan sartu da, kontsumoaren aroan. Orduantxe egiten du bere agerpena emakume idazleak euskal literaturan, barne borroka edipikoak odolusturik utzi duen anaia tragikoaren erreleboa naturaltasun osoz hartuz».

Zigor kontzeptua

Isabel-Clara Simok ere tabua izan zuen mintzagai, nola ez, baina ez zen mugatu literatura katalanaren tabuen inguruan mintzatzera. Simok hitz debekatuak tabutzat jotzea «metonimiatzat» hartu behar dela adierazi zuen eta zigorra edo kontrola bezalako hitzak aipatu zituen ondotik.

«Tabuak haustea transgresioa baino askoz haratago doa. Gizarte guztiek ez dauzkate tabu berak, baina guztietan boterea tabuez baliatzen da herritarrak, idazleak barne jakina, mendean edukitzeko», gaineratu zuen.

Idazle eta kazetari katalanak, gainera, sexua eta jaiotza ere tabuarekin erlazionatu zituen, horiek «tabuaren diskurtsoaren unibertsoa» osatzen baitute:«Familia gizartearen zelulatzat daukan gizarte ultrakontserbadore honetan, gizonen eta emakumeen zereginak bereiztean datza familiaren baitako lehen eginkizuna: egitekoen berdintasunezko banaketaren aldeko ahotsak aurrera egiten duen neurrian, eginkizun hori, egun, eskolako jolastokian betetzen da. Eta eskolako jolastokiko kulturan, bizi-bizirik dago oraindik ere mutiko bati egin dakiokeen irainik okerrena eta izugarriena: maritxu hori». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
AHT Gelditu! llama a rechazar el inicio de las obras de la «Y vasca»
Euskal Herria
Sorkuntza munduak auzipetuak babestu ditu
Kirolak
«La inestabilidad deportiva no podemos trasladarla a la institución»
Ekonomia
Laborantza eta gizartea uztarri berean
Mundua
CiU ve ahora posible pactar con el PSC y pide una coalición estable para tratar con Madrid
Euskal Herria
El PSE insiste en que la autodeterminación es «ideología nacionalista»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss