GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-11-03
Laborantza eta gizartea uztarri berean
Hasierako urduritasuna aise gainditu zuten Lurrama azokaren antolatzaileek, bisitari asko bertaratu baitzen. Ordezkari politikoak ere izan ziren inaugurazioan. Euskal laborantzaren egoera gordina ezzuten zuzenean aipatu, baina errealitatea gailendu egin zen.

Eguraldia lagun izan zuten atzo Lurramako antolatzaileek Ipar Euskal Herriko lehen nekazaritza erakustazokaren inaugurazioan. Ateak ireki eta ordubetera mila bisitaritik gora bertaratu ziren Baionako Glain auzoko Elkartetxe berriaren instalazioetara.

Ordezkari politiko ugarik ere hartu zuen parte irekiera-ekitaldian, tartean, Jean Grenet Baionako auzapezak eta Frantxoa Maitia Akitaniako kontseilariak. Biek ala biek goraipatu zuten antolatzaileen ekimena eta egindako lana. Biek aitortu zuten laborantza sostengatu behar dela. «Harro nago Euskal Herriko laborantzaz, ‘chauvinismo’ puntu bat izateraino», adierazi zuen Maitiak.

Hitz ederretatik harago, halere, egun Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako nekazaritzaren errealitatea begi-bistakoa zen, nahiz eta hizlariek erdizkako hitzak erabili zuzeneko mezuaren gordintasuna ekiditeko.

Grenetek berak laborantzaren eta hiriaren esparruak etorkizun komuna dutela nabarmenduta, barnealdearen eta kostaren arteko «gatazkarik» egiaz ez dagoela adierazi zuen. «Batzuengan grina eta besteengan erresumina pizten» duen gaiaren aurrean gauzak «lasai hartzen» saiatzen zela gaineratu zuen. «Kutsu politikoko adierazpenek sortzen duten polemikak baztertu eta irekiak» izatea aholkatuz amaitu zuen mintzaldia.

Denek ulertu zuten aspalditik euskal laborariek hautatutako nekazaritza ereduak Ipar Euskal Herrian eta harago eragiten dituen gorabeherez ari zela.

Sakoneko mezua

Mixel Berhokoirigoinek diplomaziaren hari berbera jarraitu zuen baina ez zuen, haatik, sakoneko mezua helaraztea ahaztu. Baionako auzapezak lekua utzi izana eskertu eta erakustazoka urtero errepikatzeko nahia agertu ostean, laborariak eta hiritarrak lotuta daudela nabarmendu zuen Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakari ere badenak.

Lurramaren helburua, hain zuzen ere, nekazaritza ezagutaraztea eta bi munduak nahitaez uztarturik daudela erakustea dela adierazi zuen. «Laborariei esker, Euskal Herriak kalitatezko irudi ederra» duela esan zuen Berhokoirigoinek, irudi hori atxikitzeko haien ardura gogorarazita. Alta, horretarako gizarteak ere zer ikusi zuzena baduela gaineratu zuen, bertako laborantza mantentzeko garaian herritarrek duten erantzukizunari aipu eginda.

Alabaina, irudi hori errealitate baten ondorio dela esatea ez zuen ahantzi:«Guztia dago hautatutako laborantza ereduari lotuta. Ekoizpenen kalitatea, naturaren artatzea, garapen iraunkorra.... Hautu hori guztiona da: laborariena aukeratuko duten ekoizpen sistema eta praktikagatik; kontsumitzaileena aukeratuko dituzten produktuengatik eta politikariena ere bai, eredu hori sostengatzeko eta garatzeko hartuko dituzten neurriengatik».

Atzo itxurak gorde zituzten, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren erakusmahaiari, esaterako, ez ikusiarena egin zioten bisitaldi ofizialean. Baina errealitatea gailendu egin zen. Eta bertaratutako herritarrek behiak eta txerriak ikusteaz gain, gazta eta erreximentak dastatzeaz gain, ardi ileak eraikuntzan izan dezakeen erabilpena kausitzeaz gain, euskal nekazaritzak dituen erronkez jabetzeko parada izan zuten, erronka horretan zuzenean zer esana badutela konturatuta. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
AHT Gelditu! llama a rechazar el inicio de las obras de la «Y vasca»
Euskal Herria
Sorkuntza munduak auzipetuak babestu ditu
Kirolak
«La inestabilidad deportiva no podemos trasladarla a la institución»
Ekonomia
Laborantza eta gizartea uztarri berean
Mundua
CiU ve ahora posible pactar con el PSC y pide una coalición estable para tratar con Madrid
Euskal Herria
El PSE insiste en que la autodeterminación es «ideología nacionalista»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss