GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-03
Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren XVII. astea
Juan Luis Landa eta Marko Armspach, «Euskadi Fantastikoa»ren protagonista
Beldurrezko Astearen barruan antolaturiko «Euskadi fantastikoa II» komiki erakusketan Juan Luis Landa eta Marko Armspach dira protagonista. Errenteriarrak eta uztariztarrak, batez beste, hogeita hamarna irudi jarri dituzte ikusgai. Landak gehienbat «Irati»ren albumetarako eta Toti Martinez de Lezearen liburuetarako eginiko jatorrizko irudiak aukeratu ditu erakusteko. Armspachek, berriz, Olier gidoigilearekin batean egiten duen «Agence Barbare» sailetik ateratakoak.

DONOSTIA

Juan Luis Landak (Errenteria, 1965) estilo errealista du. Teknologia berriaz baliatzen asmatu du, baina betiere pinturaren forma klasikoekin bateragarri egiten. Marko Armspachek (Bordele, 1969), berriz, eskola frantses-belgikar klasikoaren ondarea jaso du. Honela definitzen ditu bataren eta bestearen estiloak Iñaki G. Holgadok, “Euskadi Fantastikoa II” erakusketako antolatzaileak.

«Oso estilo desberdinak dituzte ­ohartarazi zuen Holgadok erakusketa aurkezteko atzo eginiko prentsaurrekoan­, baina biak ala biak punta-puntako marrazkilariak dira; biek ala biek lan handia egiten dute Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo; eta biek ala biek euskaraz ere argitaratzen dute, esaterako, ‘Xabiroi’n. Horregatik, aurtengo erakusketa horien lanekin osatzea oso egokia iruditu zaigu».

Marko Armspachek denetatik pixka bat egin du... txotxongiloak diseinatu, eszenografiak, animazioa... baina bere onena komikian ematen du. Marrazkilari konpultsiboa omen da. «Prentsaurrekoak iraun bitartean, eskuak elkarren artean lotuta izango ditut, marrazteari ekingo diot bestela», esan zuen uztariztarrak berak, txantxetan, atzo. Umorea bere-berezkoa du Markok.

“Le Journal du Pays Basque”rako hamaika tira egindakoa da. Euskaraz argitaratu duen lanik ezagunena “Gartxot” da, seguru asko. Azken urteotan, Olier gidoigilearekin lan egin izan du ia beti. «Lilletik gertu dagoen herrixka batean bizi da Olier ­esan zuen Markok­. Orain dela lau bat urte elkar ezagutu genuen, Interneten bidez, eta geroztik geratu gabe aritu gara. ‘Agence Barbare’ sortu eta urtero-urtero, Bamboo etxearen eskutik, album bat argitaratu dugu, frantsesez. Laugarrena datorren asteburuan bertan aurkezteko asmoa dugu Valencinneseko Komiki Jaialdian».

Hain zuzen, “Agence Barbare”tik ateratakoak dira Marko Armspachek egunotan Ernest Lluchen aurkezten dituen marrazki gehienak, baina “Ipurbeltz”etik ateratako bakarren bat ere ikus daiteke.

Juan Luis Landak ez zuen atzoko prentsaurrekoan parte hartzerik izan. Bere ordez, Iñaki G. Holgadok berak gogoratu zuen errenteriarra animazioan hasi zela, “Kalabaza Tripontzia” gogoangarri hartan. “Gabai”n ere makina bat lan egindakoa da. Nazioartean, beharbada Joxean Muñoz gidoigilearekin batean egiten duen “Irati” da sona handien lortu duen lana. Dagoeneko hiru album argitaratu dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, frantsesez, alemanez eta italieraz ere. Laugarrena “Xabiroi”n argitaratzen ari dira, zatika. Azkenaldion, Toti Martinez de Lezearen “Sorginak” eta “Euskal Herriko leiendak” liburuak ilustratu ditu. Hain zuzen, Ernest Lluchen paratu dituzten Landaren marrazki gehienak “Irati”koak eta liburu horietakoak dira. “Arthur erregearen heriotza” liburutik ateratako hiruzpalau marrazki eder ere ikus daitezke.

Datorren asteartean, arratsaldeko zazpietan, Juan Luis eta Marko Ernest Lluchen egongo dira, bertaratzen direnei nola egiten duten lan erakusteko prest.

Atzoko prentsaurrekoan parte hartu zutenek aukera aprobetxatu zuten “Xabiroi”ren bosgarren zenbakia, joan den urrian plazaratua, aurkezteko. «Egile gehiago biltzen jarraitzen dugu. Esaterako, zenbaki honetan, Mauro Entrialgok eta Rober Garayk ere kolaboratu dute», nabarmendu zuen Dani Fano aldizkariaren sustatzaileak. Zaleei haginak zorrozteko, ondoko asteetan argitaratuko duten zenbaki bereziaren berri ere eman zuen Fanok: «Bost euskal idazle ospetsu goi mailako beste hainbeste marrazkilarirekin enparejatu ditugu». Bikoteak honela geratu dira: Iban Zaldua-Julen Ribas, Patxi Zubizarreta-Iñaki G. Holgado, Arantxa Iturbe-Manu Ortega eta Asisko Urmeneta-Marko Armspach. «Gainera ­ohartarazi zuen Fanok­, luxuzko gonbidatu berezia izango dugu: Arthur Suydam iparramerikarra».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
AHT Gelditu! llama a rechazar el inicio de las obras de la «Y vasca»
Euskal Herria
Sorkuntza munduak auzipetuak babestu ditu
Kirolak
«La inestabilidad deportiva no podemos trasladarla a la institución»
Ekonomia
Laborantza eta gizartea uztarri berean
Mundua
CiU ve ahora posible pactar con el PSC y pide una coalición estable para tratar con Madrid
Euskal Herria
El PSE insiste en que la autodeterminación es «ideología nacionalista»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss