GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-03
Mezetako abesti gaurkotuak bildu dituzte «Zatoz, Izpiritua!» diskoan
Disko berritzailea kaleratu du Elkarrek, Euskal Herriko mezetako 13 kantuz osatua. Pier Paul Berzaitzek, Amaia Zubiriak, Maria Amolategik, Peio Ospitalek, Jean Mixel Bedaxagarrek, Loinatz abesbatzak eta Et incarnatus orkestrak interpretatu dituzte abestiak, Karlos Gimenezen zuzendaritzapean. «Altxorrak izan arren, baztertu egin ditu gizarteak doinuak. Inork ilargia seinalatzean behatzari begiratzen dion babuak bezala», salatu du Jose Inazio Ansorena dokumentazio arduradunak.

DONOSTIA

«Itsasoari edo zeruari so egiten diogunean gure txikitasunaz ohartzen gara. Horrek gaizki sentiarazten bagaitu, elizako kantuek lagunduko digute lasaitzen», adierazi zuen Anjel Valdes koordinatzaileak diskoaren aurkezpenean. Erlijioarekin lotutako abestiak herriaren altxorrak direla aldarrikatu nahi dute “Zatoz, Izpiritua!” lanaren egileek.

«Kalitatezko produktua sortu dugu, parte hartu duten pertsonen modukoa. Karlos Gimenez musika zuzendaria eta Jose Inazio Ansorena dokumentazio lana egin duena dira horren adibide. Ezagutza handiko gizonak dira eta horixe behar genuen disko atsegin eta iradokitzaile hau osatzeko», erran zuen pozik. Doinu jostagarri eta ederrenak hautatu eta gaurkotu dituzte, aitzinera jotzeko zenbait tradizio hautsi behar dela pentsatzen baitute.

Inprobisatu egin dute batzuetan, erritmoa azkartu bertze zenbaitetan, giro bereziak sortu dituzte eta instrumentu modernoak erabili. Gauza berriak egin dituzte, baina muina errespetatuta betiere. «Maitasunezkoa da izpirituarekin dugun harremana, eta lehenagotik ere bazuten kantuek sentsualitaterik. Amaia Zubiriak bertze modu bateko sentsualitatea lortu du, ordea», adierazi zuen.

Jose Inazio Ansorenarentzat luxua izan da proiektuan parte hartzea, izugarri interesgarria. «Eliztarra naiz ­aitortu zuen­. Mendeetan harreman sendoa izan du gure herriak kristautasunarekin. Orain, ordea, erreten handia dago euskal elizaren eta gizartearen artean. Ezagutza falta ere bai. Misterioaren begiralekuetara igotzeko eskaileratxoak dira erlijioak, eta lan honek lagun dezake dimentsio egokia ematen».

Miaketa lan handia egin du musikariak. Abestiak biltzeaz gain, sorburuak bilatzen ere aritu da, gero bakoitzaren inguruko testu txiki bat idazteko. Misterioarekin topo egiten laguntzea eta zabalpen txukuna egitea zituen helburu, eta biak lortu dituela baieztatu zuen.

Peio Ospitalen aburuz ere zerikusi handia dute fedeak eta kulturak: «Gizakiak transzendentziaren edo misterioaren sentsibilitate berezia du. Adibideak, ezaugarriak eta euskarriak bilatu behar ditu. Sinestun naizenez, arrazoi gehiago dut diskoan parte hartzeko».

Karlos Gimenezek musika oso hizkuntza irekia dela nabarmendu nahi izan zuen: «Kasu honetan edukia erlijioaren ingurukoa da, baina horren azpian, gainean edo aldamenean doinuen edertasuna dago». Gaiak ere unibertsalak direla ohartarazi zuen Anjel Valdesek, edozein estilotan lantzen diren berberak. “Gure Aita”, “Ostian bizi zera”, “Zatoz izpiritua”, “Zure baitan, Jauna” eta bildutako gainerako kantuak maitasunaren, bizitzaren eta heriotzaren ingurukoak dira.

Testuetan azaltzen diren irudi anitz zaharkituta daudela aitortu zuen Jose Inazio Ansorenak, baina musikak erlatibizatzen laguntzen duela gaineratu zuen. «Nola esan liteke ezin esan litekeena? Artearen bidez».

Prentsaurrekoan zen Maria Amolategi gaztea ere, Suganeko abeslaria. Eskertu egin zioten lankideek ekarpena: «Indar berezia eman dio diskoari, eta arretaz entzun ditu kantuak, helarazi nahi genuen kontzeptua ulertzeko. Elizako doinuak ondasun garrantzitsua direla jakin behar dute gazteek ere».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
AHT Gelditu! llama a rechazar el inicio de las obras de la «Y vasca»
Euskal Herria
Sorkuntza munduak auzipetuak babestu ditu
Kirolak
«La inestabilidad deportiva no podemos trasladarla a la institución»
Ekonomia
Laborantza eta gizartea uztarri berean
Mundua
CiU ve ahora posible pactar con el PSC y pide una coalición estable para tratar con Madrid
Euskal Herria
El PSE insiste en que la autodeterminación es «ideología nacionalista»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss