Euskal Herrian ohituta gaude albora begiratzera, horretara bideratzen gaituztelako agintariek; erraz aipatzen dira beste edonon gertatzen direnak, baina ez ditugu gureak ezagu- tzen, baina... egon badaude eta zelakoak!
Bizkaiko herri polit baten, Bakion, hain zuzen, prest daude beste astakeria bat burutzeko, gainera, Gaztelugatxe inguruan, hau da, biotopo baten ondoan. Berdin zaie herritar gehienak kontra egotea: bizi dugun sasi demokraziak bermatzen ditu holako eginkizunak.
Gutxi izan badira orain arte egindakoak, beste bat burutzeko prest daude, hori bai, betiko modura, aberatsei bizimodua errazteko. Ez dira izango etxebizitza merkeak herritarrentzat, bai ordea, inongo udatiar okintsuentzat pentsatutako bigarren etxebizitzak. Egitekoak; etxe berriak, txaletak eta hori guztia gutxi balitz, golf zelai eder bat beren handikeriak herritarren muturretatik paseatzeko; hau izango ote da gure arduradun politikoek daukaten irteera Bakioko biztanleentzat?
Euskal Herrian aspalditik dago zementu politika martxan, hemen dena ikusten da batzuen enpresa pribatu bat izatea legez, ez dago alternatibarik kontuan hartzeko eta disidentzia kriminalizatuta dago aspaldi, bestela zergatik ez dute inoiz holako erabakien aurrean herritarren iritzia eskatzen edo errespetatzen? Kuriosoena da ikustea politikariak beste inoren ustelkeriak gogora ekartzen eta beraienak isiltzen.
Euskal Herrian ez daukagu lur askorik edonola kudeatzeko, ezin gara bizi erakundeetatik mezu «berdeak» jasotzen eta gero holakoak bizitzen, gezurretan bizi garelako, edo zelan ahal ditugu ulertu AHT, errauste-plantak, Zornotzako termikoa, Pasaiako portua, Itoizkoa, Iparraldeko lurren edo etxebizitzen salmentak, besteak beste?
Bakiok 2.145 biztanle ditu, eta udan 18.000 udatiarrek osatzen dute herri honen denboraldiko errealitatea, beraz, bigarren etxebizitzetakoek herriko errealitatea guztiz baldintzatzen dute. Uko eginez horri, badaude alderdi nagusikoak beraien politika basatia inposatzeko, eta guztiok dakigu zer esan nahi duen horrek, azkenean beraiek nahi duten guztia egiten dutela, Euskal Herriko zati hau enpresa pribatu bihurtu dutelako.
Urteak daramagu Francon garaikoak aipatzen eta gaurkoak ezkutatzen, Alderdi «sakratu eta Jaungoiko zalekoak» aspalditik dabiltza beraien herri zati hau kudeatzen zementuari garrantzia aberatsei lehentasuna emanez, ea noiz gelditzen dugun holako portaerak eta indarrez salatu. Bakio Marbella bihurtu nahi dute, gure esku dago holako ustelkeriak gelditzea, salatzea eta zigortzea (ikusi www.bakiosos.org web orriko informazioa). -