LAB: «Legez, Kontseilu Nagusiak ez du ardurarik Garraio Sailean»
BAIONA
LAB sindikatuak joan den ekainean lekuko hautetsiekin batera Baiona-Garazi tren linea kinka larrian zegoela salatu zuen, eta kanpaina bat abian jarri zuen.Orduz geroztik, lau hilabete igaro dira, eta azken garaiotan AHT lineen inguruko eztabaida publikoa abiatu dela-eta, Baiona-Garazi tren linearen kontua gaurkotasuneko gai bihurtu da. Berrikitan, RFF tren sarearen kudeatzaileak Gobernu frantsesaren babespean sare guztia berritzeko programa abiatuko zutela jakinarazi zuen, eta ondotik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak bere aldetik proiektu horretan parte hartzeko asmoa zuela azaldu zuen. Adierazpen horiei buruz, puntu batzuk «zehaztekoak» zirela nabarmendu zuen Geronimo Prieto LABsindikatuko ordezkariak. Departamenduko Kontseilu Nagusiari dagokionez, legez egitura horrek tren sarearen arloan ez duela ardurarik gogorarazi zuen Prietok.
Mobilizazioei esker «Legez, Akitania eskualdeak dauka horretan esku-hartzea, eta Departamenduko Kontseilu Nagusia subsidiarioa izan daiteke bakarrik. AHTren inguruan izandako bilkuretan Akitania eskualdeak argi utzi du ez zegoela linea hori berritzea ordaintzeko prest, RFFk ez baitu horretan bere lana egiten», argitu zuen. Zalantzak azaldu arren, egitura publikoek duten interes hori ontzat jo zuen LABeko ordezkariak, eta izandako mobilizazioei esker lortu zela aipatu zuen, bestetik. Ekainean, izan ere, sindikatuak izenpetze kanpaina bat abiatu zuen. Orduan, RFF sarearen kudeatzailea obrak egiten hasi zen, eta berrikitan, Kontseilu Nagusiak adierazpenak egin ditu. Geronimo Prietok, halere, erakundearen zereginei buruzko zalantzak sortu zitzaizkiola eta Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakariak aipaturiko proiektuaren gainean dudak zituela esan zuen.
«Tren-Tram delako bat egitea proposatu du Lasserrek. Ez dakit ohartzen diren hori egiteko linea guztiz berritu behar dela. Arinagoa izan arren, obrak egitera behartzen du. Estatuak eman behar du sosa horretarako», bukatu zuen Prieto LAB sindikatuko ordezkariak.
Garraioaz hitz egiteko gune bat sortu
BAIONA Garraioaren alorrean, LAB sindikatuaren ustez, ezinbestekoa da eztabaidatzeko gune bat sortzea. Garraio egitasmoak etengabe aipatzen dira egun, eta hausnarketa sakon bat bultzatzea beharrezkotzat jo zuen Geronimo Prieto sindikatuko ordezkariak. Eta, horretarako, «batzordea osatu» behar dela argitu zuen. «Tren sare kudeatzaileak programa orokor bat bultzatua duela esaten du RFFk, baina, gibelean, azken bilkuretan ikusi dugunaren arabera, ez dago ezer. Hori guztia zehaztu behar da», gaineratu zuen. LAB sindikatuak berak garraioaren gaia osotasunean hartzen duen txosten bat landua du, eta ondoko azaroaren 14an aurkeztuko du biltzar publiko batean. LAB sindikatuak ez ezik, Berdeak alderdi politikoak ere Baiona eta Garazi arteko tren lineak pizturiko interesa ontzat jo zuen. «Bere garaian, tren linea horretan salgaien garraioa kendu izana salatu genuen», adierazi zuen sindikatuak. Horretaz gainera, trenari eta garraio publikoari lehentasuna ematen dien politikaren alde zegoela nabarmendu zuen alderdiak.
|