GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-11-03
Hamabost urte Goizueta biziberritzen
Goizueta herri txikia da, baina aldi berean, oso bizia. Horretan zeresan handia izan du eta du gaur egun ere Tifanitxok. Nahiz eta askori gaztetxea betidanik hortxe egon dela irudituko zaion ­batez ere belaunaldi gazteenei­, ez da hala; duela hamabost urtetik dago hor eta asteburu honetan jaiegun paregabea antolatu du Goizuetako Gazte Asanbladak ibilbide luze bezain aberasgarri hori ospatzeko.

Euskal Herriko gaztetxerik gehienak hutsarazte arriskuan dauden honetan, badira indar betean aurrera jarraitzen duten batzuk ere. Horixe da Goizuetako gaztetxearen kasua, aurten hamabosgarren urteurrena ospatzen baitu, eta belaunaldi berriei esker, oraindik ere hasieran bezain gazte eta adoretsu. Hori ospatzeko, egun handia antolatu du Goizuetako Gazte Asanbladak larunbaterako. Egitaraua 14.00etan hasiko da Gazte Asanbladako kideak eta kide izandakoak elkartuko dituen argazki gogoangarri batekin. Ondoren etorriko da bazkaria, eta ondotik, berriz, gaztetxearen hamabost urteak gogoratu eta errepasatuko dituen bideoa egongo da ikusgai. 17.30etik aurrera antzara joko erraldoia egingo dute, eta jarraian, poteoa. Azkenik, egunari amaiera emateko, kontzertu ederra antolatu dute gazteek; Eraso eta Pin Pan Pun taldeek joko dute bertan.

Nafarroako iparraldeko herri horretako gaztetxea Tifanitxo izeneko etxean dago duela zenbait urtetik, eta hori baliatuz, herriko Gazte Asanbladak hainbat ekintza eta ikuskizun antolatzen ditu urte osoan, «hilabetean bizpahiru bai», bertako kideek adierazitakoaren arabera. Izan ere, hiru solairuko eraikin horrek aukera ugari eskaintzen ditu: beheko solairuan taberna dago, erdikoan bilerak egiteko eta egoteko aretoa, eta ganbaran ere leku asko dago, baina azken hori ez dute askorik erabiltzen: «Teilatua nahiko gaizki dago eta orain berritzeko asmotan gabiltza», adierazi ziguten asanbladako kideek.

Horretaz gain, herri mailako jai, ekintza eta programazio guztietan ere hartzen dute parte gainerako eragileekin batera. Antolatzen dituzten ekintzen artean garrantzitsuenak Txino auzoko jaiak ­«duela urte gutxi berpiztuak»­, Leitzako eta Goizuetako gazte topaketak ­«orain dela urte eta erdi sortuak herrien arteko harremana bultzatzeko»­, Olentzero eta Mari Dominginen etorrera, eta aurten lehen aldiz inauterietan antolatu duten karroza lehiaketa daude. Azken horren «arrakasta» ikusirik, datozen urteetan jarraipena emateko asmoa agertu zuten Gazte Asanbladako kideek.

Udalaren jarrera positiboa

Goizuetako gaztetxearen historian ohikoa denez, berorren sorrera ere Udalarekin akordio batera iritsita lortu zuten gazteek: «Herriko beste eragileek antolatzen zituzten ekintzekin gazteen beharrak asetzen ez zirela ikusita, eta gaztetxeen inguruan zegoen mugimendua ikusita ­adierazi zuten­, gazteek Udalera jo zuten, eta hark lokal bat eman zien». Halako jarrera positiboa ez dela, zoritxarrez, oso ohikoa ere jabetu dira goizuetarrak, eta pozik ageri dira: «Gu ez gaude kejatzeko moduan, batez ere Udalaren laguntza dugulako eta hura delako herri gehienetan gaztetxeari erasotzen diona; alde horretatik beldur bat kendua daukagu eta lasaitasun handiagoz egin dezakegu lan», azaldu zuten.

Urtebete pasatu ondoren, ordea, eraikina berritu behar zutela-eta, Udalak gaur egungo Tifanitxo eraikina eskaini zien, garai bateko zinema izan zenez gero, gaztek nahi zutenerako aproposa zela argudiatuz.

Gazteek hara aldatzea onartu zuten bertan egin beharreko berrikuntza eta konponketa lanak handiak ziren arren ­«lurrean zulo handi bat zuen, solairua berritu behar izan zen eta habe batzuk ere nahiko zaharkituak zituen»­. Baina «autogestioaren, gogoaren eta ilusioaren bidez» dena atontzea lortu zutela adierazi zuen asanbladak.

Gainerako lekuetan bezala, Goizuetako gaztetxean ere lan egiteko gogo gehiago eta gutxiago izan duen jendea egon dela adierazi arren, gaur egungo egoera positibotzat jotzen dute gazteek: «Orain dela gutxi belaunaldi berri bat sartu da, hamabost-hamazazpi urte bitartekoa, eta nik uste nahiko motibatuta heldu direla», adierazi zigun asanbladako kide batek.

«Herri osoarentzat»

Herritarrek, oro har, gaztetxearen irudi ona dutela uste dute gazteek, baina pena ematen die zenbaitek ekintzetan parte hartzen ez dutela ikusteak: «Herriko zenbait jendek bere burua gaztetzat ez duenez gero, ekintzak ez direla beretzat prestatuak uste du, eta askotan ez da hala», azaldu ziguten. Horrekin ere harreman zuzena du urteurren hau ospatzeko pentsatu duten leloak, «Goizuetako gaztetxea: 15 urte herriari bizia emanez». Izan ere, gazte asanbladaren arabera, «urte hauetan guztietan ez da gazteei begirako lanketa bat soilik egin, antolatu diren ekintzak herri osoarentzat irekiak izan dira». Gainera, gaztetxetik ia-ia herritar guztiak pasatu direnez gero, gaztetxearen urteurrena ospatzeaz gain, azaroaren 4ak «iraganeko, oraingo eta batez ere etorkizuneko gazteak motibatu eta indartzeko ere» balio dezala espero du gazte asanbladak. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
AHT Gelditu! llama a rechazar el inicio de las obras de la «Y vasca»
Euskal Herria
Sorkuntza munduak auzipetuak babestu ditu
Kirolak
«La inestabilidad deportiva no podemos trasladarla a la institución»
Ekonomia
Laborantza eta gizartea uztarri berean
Mundua
CiU ve ahora posible pactar con el PSC y pide una coalición estable para tratar con Madrid
Euskal Herria
El PSE insiste en que la autodeterminación es «ideología nacionalista»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss