Presoen aldeko ekimenaren lekukoa Etxarri Aranatzi emango dio Lea-Artibaik
Zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak kaleratzeko eta eskubide guztien jabe Euskal Herrira ekar ditzaten Askatasunak abian ipini duen dinamikan, bederatzi orduko elkarretaratzea egin zuten asteazkenean, Markinan. Atzo, berriz, Osasun Etxearen au- rrean mobilizatu ziren gose-grebalariak. Lekeition eta Ondarroan ere ekimenak egin zituzten. Bihar, Etxarri Aranatzi pasatuko diote lekukoa.
MARKINA
Askatasunak urriaren 21ean Arrasaten hasi zuen dinamikaren barruan, Lea-Artibaiko eskualdean hainbat ekimen egin dituzte egunotan, gaixorik dauden euskal presoak eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak aska ditzaten eta euskal preso politikoak eskubide guztiak aitortuta herriratzeko.
Asteazkenean, bederatzi orduko elkarretaratzea egin zuten Markinan. Herriko eragile, talde eta koadrilek esku hartu zuten ordubeteko txandak eginez. Azkenekoan, denak elkartu ziren; 125 lagunetik gora bildu ziren. Lekeition, berriz, 13.00etatik 14.00etara, 110 pertsona inguruk giza katea egin zuten. Mobilizazioan, gose-grebalari lekeitiarrek esku hartu zuten. Ondarroan, 200 bat lagunek beste giza kate bat egin zuten. Eguerdian, Askatasunak, Etxerat-ek, eskualdeko herri plataformek eta gose-grebalariek bilera egin zuten.
Atzo goizean, Markinako Osasun Etxearen aurrean elkartu ziren eta, ondoren, plazan, esku-orriak banatu zituzten. Arratsaldean, zenbait bilkura egin zituzten Lea-Artibaiko medikuekin, euskalgintzaren alo-rrean lanean diharduten eragileekin. Iluntzean, berriz, espetxearen eta osasunaren gaineko hitzaldia izan zen. Gaur, Lekeition elkarretaratze txandakatua egingo dute 16.30etik 19.30era; Ondarroan, enkartelada «berezia» izango da; eta Markinan, bideo emanaldia 19.30ean, Arkupean. Bihar, auto-ilara egingo dute Markinatik Ondarroara.
Bihartik aurrera eta hilaren 11 arte, Sakanak hartuko du lekukoa. Nafarroako eskualde horretan bederatzi preso politiko daude, horien artean, Bautista Barandalla eta Unai Parot. «Presoen eta senideen sufrimenduarekin xantaiarik ez», exijitu zuten atzo Etxarri-Aranatzen eginiko agerraldian. Sindikatu, talde politiko eta herri bakoitzeko eragileekin bilduko dira grebalariak. Hilaren 11rako, manifestaziora deitu dute Altsasun, 13.30ean.
Bestetik, atzo Exabier Uriarte aske utzi zuten. Galdakaon eta Astigarragan lehen ongietorria egin zioten. Omenaldia hilaren 11n izango da. Astear- tean, Lurdes Cerrato kaleratu zuten eta bihar ongietorria egingo diote Astrabuduako Josu Murueta plazan.
Presoen alde 37 lagun bildu ziren Iruñeko Alde Zaharrean eta 29 Arrosadian, 25 Berangon, 30 Burlatan, 50 Txantrean, 22 Antsoainen eta 75 Eibarren.
|