Zerbait aldatu da Estatu Batuetako agertoki politikoan. Goizegi da demokraten garaipenaren ondorioak aztertzeko, baina Bush ez dago pozik, eta kezka piztu da sektore eskuindar sutsuen artean.
Nazioarteko auziek garrantzia izan dute lehia honetan, eta Iraken jasandako porrot politiko eta militarraren itzala sakona eta zabala da. Batzuek diote zerbait aldatzen ari dela hango politikagintzan, eta errepublikarrek izugarrizko nekea sortu dutela. Beste batzuk harago doaz eta ondorioztatzen dute hauek direla irailaren 11ko erasoen ondorioak. Orduan, Bushek bere burua indartutzat jo zuen, eta geroztik oso jarduera erasokorra mantendu dute Estatu Batuek, Al-Qaedaren kontrako gurutzadaren aitzakiaz.
Afghanistanen ez bezala, Iraken laster ikusi ziren estrategia honen ezintasunak. Zailtasunak biderkatu dira hondarreko urteetan, eta gaur egun ematen du estatubatuarren garaipena ezinezkoa dela. Demokratak ez dira inperialismoaren etsaiak, eta mundua menperatzeko egitasmoan daude kokatuak, baina ez datoz bat hartu diren hainbat erabakiz, eta pentsatzen dute formak berritu behar direla.
Gauzak horrela, Bushek esan du prest dagoela hanka sartzeak onartzeko baita bide berriak aztertzeko ere. Itxura afera da, maila handi batean, baina bada beste zerbait: orain demokraten menpe dago. Estrategia aldatu behar dela pentsatu ala ez, aldaketa irudia eman beharko du. Noraino, berriz? Itxoin beharko dugu, gehiago jakiteko.
Irakeko panorama itsusten da egunez egun, eta anartean, arazoak ugaldu zaizkie Hego Amerikan. Bolivia, Venezuela eta orain, Nikaragua. Ortega eta bere alderdia ez dira Somoza kanporatu eta Managuan armak eskuetan sartu ziren berdinak, baina ezin da ahantzi Estatu Batuek gerla egin zutela sandinistak Gobernutik kanporatzeko, eta oraingoan ere ez zutela beren garaipena nahi. Gainera, Lulak, nonbait, ezin izanen du aurreko legealdian izandako jarrera bera mantendu, eta ezkerrera jo beharko du.
Estatu Batuen kontrako gorrotoa zabaltzen da arabiar eta musulmanen artean, baita munduko beste hainbat lurraldetan ere, eta une berean, garbi dago Vietnamen gertatu zena berriz ere gerta daitekeela. Irak porrot handi bat izan daiteke, eta hori ez zaio komeni Bushi, ezta demokratei ere. Nola konponduko dute? Erasoa areagotuz? Beste bideak bilatuz? Ikusiko dugu. -