Zerbitzaria izatea mundua gorrotatzea da...
Euskal Herri independentea nahi dugula esatea ez da nahikoa, zelako Euskal Herria eraikitzeko gauden prest ez baldin badakigu.
Ez dira aspaldiko kontuak, modaz pasatutakoak, ezer esaten ez dutenak, mundua oraindik bitan banatuta dagoela esaten badugu. Oraindik bagara lan egiten dugunok eta gure lanaz probetxua ateratzen dutenak; lanean osasuna eta bizitza ere galtzen dugunok eta, gure gaixotasun eta heriotzak gorabehera, dirua irabazten jarraitzen dutenak; egun batetik bestera geure bizibidea galtzen dugunok eta deslokalizazio, pribatizazio eta abarrekin aberasten direnak...
Mundua oraindik bitan banatuta eta agian aldatu den gauza bakarra horretaz edukitzen dugun pertzepzioa da. Sistema kapitalistak bere burua elikatzeko eta funtzionatzen jarraitu ahal izateko trikimailu maltzurrak topatzen ditugu gure gizartean. Desberdintasun eta injustizien kontra borrokatzeko premiarik igarriko ez den ilusioa sortzean datza gakoa; beste batzuek daukaten berbera denok izango dugula aukera lortzeko; poztasuna eta norberaren errealizazio pertsonala eduki material garesti bihurtuta, beti gutxi, inoiz ez nahiko, muga non ipini sekula jakin barik, sozietate couche orrialdeek erakusten dutena izan guran.
Inor ez dago konforme tokatu zaionarekin, eta aitzitik, pentsatu beharko genuke ea, begirada ingurura zuzenduz gero, tokatu zaigunarekin konforme ote gauden.
Lehenengo eta behin pentsa dezagun «gora Euskal Herria sozialista!» esaten dugunean zer esan nahi ote dugun, ea inoiz erreparatu dugun horretan, zer ekarriko lukeen horrek gure bizitzetara, eguneroko bizimoduetara. Orduan, plasma-telebistaren ilusio faltsuarekin gelditzea erabakitzen badugu, utz diezaiogun horrelako gezurrak oihukatzeari... Bestela, has gaitezen benetan aurrera egiten, biharko utzi barik, Euskal Herri gorria gaurdanik eraiki behar delako.
Horretan euskal langileriak zeregin handia dauka,
zereginik handiena, langile klasea garelako borroka honetako eragile nagusia.
«Hator gorrira!» langileriaren aldeko deiadarra da, sozialismoaren aldekoa.
«Aritu gaitezke egun osoa gerraz eta iraultzaz, baina antolatzen ez baditugu
gure buruak, bizitzak eta kantu hutsak alferrik galduko dira, benetakoa
irabaztearen zain dagoen bitartean, patroiek hanka egitean eta ametsa gauzatzen
den egunean... Batzar gaitezen sindikatuan». LAB da denok batzeko, antolatzeko
eta borrokatzeko tresna eraginkor bakarra. -sagarroiak@gmail.com