Legebiltzarrak eskola mapa berria egitea onartu du
Gasteizko Legebiltzarrak atzo onartutako ekimenaren arabera, Lakuako Hezkuntza Sailak datozen urteetarako eskola mapa berri bat osatu beharko du. Bertan, kontuan hartu beharko ditu zentro publikoak eta kontzertatuak, eta zonaka antolatutako eskaintza osatua ere prestatu beharko du. Talde guztiek, PPk salbu, onartu zuten testua.
GASTEIZ
Gasteizko Legebiltzarreko talde guztiek, PPk salbu, eskola publikoa modernizatzeko ekimena onartu zuten atzo. Testu horren arabera, Lakuako Hezkuntza Sailak helburu horretarako inbertsio plan bat jarriko du martxan, eta eskola mapa berri bat osatuko du. Hartara, Tontxu Camposek zuzentzen duen sailak irakaskuntza ez unibertsitarioaren bueltako txosten osatua prestatuko du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakaskuntza arloko beharrak asetzeko orduan eskaintza publikoa «lehenestea» proposatzen du atzo onartutako dokumentuak. Gainera, txostenak indar bereziz aztertu beharko ditu zein irizpide diren erabakigarriak eskola bat edo bestea aukeratzeko orduan.Testuak egungo zentro publikoak eta kontzertatuak kontuan hartzeko eskatzen du. Hartara, zonaka «hemezortzi urte arteko eskaintza publiko bakarra antolatzea» proposatzen du; «zentro publiko horiek ikaslearen ibilbidearen arabera lotuz», gaineratzen du. Haurreskolak Partzuergoa ere aipatzen du testuak. Ekimenak beharrezko ikusten du eskola publiko bakoitzari partzuergoko haur eskola bat lotzea, eta, gainera, 0 eta 3 urte arteko etapa guztiarentzako eskaintza publikoa antolatzea ere proposatzen du. Legebiltzarrean onartutako ekimenaren barruan, Tontxu Campos sailburuak agerraldia egin beharko du 2007ko martxoan eskola mapa berriaren irizpideak ezagutzera emateko. Gainera, beste agerraldi bat egin beharko du datorren urteko maiatzean 2007-2008 ikasturterako eskola mapa aurkezteko. Hortik aurrera, eta atzo onartutako testuak zehazten duenez, Hezkuntzako sailburuak urtero egin beharko du agerraldia Legebiltzarrean aldian-aldian egiten diren berrikuntzak eta moldaketak ezagutzera emateko. PSEko parlamentari Isabel Celaak jatorrizko testua defendatu zuen, eta zentro publikoek eta kontzertatuek beren plangintza «elkarrekin» egiteko beharra dutela nabarmendu zuen. Celaaren esanetan, «plangintza falta» oso kaltegarria da eskola publikoarentzat. «Gaur egun jarraitu zuen ezinezkoa da unibertsitatez kanpoko irakaskuntza sare publikoan osatzea, eta sare pribatuan, berriz, egin daiteke». EAko Idoia Cuadraren arabera, 2007. urtea «hezkuntzaren urtea» izango, da eta atzo onartutako akordioa «euskal hezkuntza sistemaren zutabeetako bat» izango dela gaineratu zuen. PP izan zen aurka bozkatu zuen bakarra. Ińaki Oiartzabalek agertu zuenez, «guda» hasiko baita eskaintza publikoaren eta kontzertatuaren artean.
|