- Errugbia
Biarritzek azkeneko partiden bidetik jarraitu behar du
·Jokalari garrantzitsu batzuk faltako ditu talde zuri-gorriak
BAIONA
Biarritzek sailkapeneko lehen hiru postuetan jarraitzeko aukera ederra dauka. Gaur 18.30ean jokatuko du Castresen zelaian. Lapurtarrak hirugarren postuan daude, eta Castres, aldiz, hamargarrenean dago. Biarritzek han irabazita, gainera, Avironi mesede egingo dio, gaur zuri-gorriek aurrez aurre duten taldea mailari eusteko borrokan ari baita.Biarritzek 34 puntu ditu, Castres baino hamaika gehiago. Zuri-gorriek jokatu dituzten hamabi partidetatik zazpi irabazi dituzte, eta bost galdu dituzte. Frantziarrek, aldiz, lau partida irabazi dituzte, zazpi galdu, eta bat berdindu. Biarritzi asko kosta zaio aurtengo denboraldiari tamaina hartzea, baina azkeneko partidei begiratuta, badirudi gauzak aldatzen hasi direla. Europako Kopan ongi aritu ostean, Ligako itzulera ezin hobea izan zuten, erraz irabazi baitzuten joan den astean, sei entsegu lortuta. Castresera indartsu joango dira, eta azkenaldiko bolada onari eusteko itxaropen osoa daukate. Castresek, aldiz, puntuak behar ditu, bestela atzerakako bidean joango da, eta bere atzetik dituen taldeak goraka hasten baldin badira, kinka larrian jarri daiteke. Jokalariei dagokienean, batzuk faltako ditu Biarritzek. Yachvili eta Traille Frantziako selekzioarekin bilduta daude, eta Dellape Italiakoarekin.Gainera, Harinordoki eta Thion kolpatuta daude, eta ez daude jokatzeko moduan. Dridi eta Lievremont zalantza izango dira, baina bietakoren bat jokatzeko moduan izatea espero da. Berritasunik handiena Marcelo Bosch argentinarrarena da, lehen aldiz deitu baitu entrenatzaile biarriztarrak. Oraindik gazte mailako taldean ari da, baina gaur onenekin lehen aukera izan dezake.
|