GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-11
Xabier Leteren «Abestitzak eta poema kantatuak» liburua aurkeztu du Elkarrek
·Euskal kantagintzaren eta olerkiaren ordezkaririk esanguratsuenaren lehen hiru diskoen grabazioa ere bermasterizatu dute

Berak kantatu dituen eta kantatu dizkioten abestien hitzak, abestitzak eta poema kantatuak jaso ditu Xabier Letek bere liburuan. Baina horrekin batera bere lehen hiru diskoak ere formatu berrian eta soinu berrituarekin aurkeztu berri ditu oiartzuarrak Elkarrekin: «Xabier Lete» (1974/Artezi), «Kantatzera noazu» (1976/Artezi) eta «Lore bat, zauri bat» (1977/Herri Gogoa). Guztiak ere bere ibilbide oparoaren erakusle ederrak, ezbairik gabe.

DONOSTIA

Poeta, abeslaria, kultur eragilea... Ezbairik gabe, Euskal Herriko kantagintza zein olerkiaren ordezkaririk garrantzitsu eta esanguratsuenetakoa da Xabier Lete (Oiartzun, 1944).

Berak kantatu dituen eta kantatu dizkioten abestien hitzak, abestitzak eta poema kantatuak jasotzen dituen liburua ekarri du oraingoan. Baina orrialde bilduma bat baino askoz harago doan lana da “Abestitzak eta poema kantatuak”, eta agertu duen esker onaren adinakoa izango da haren jarraitzaileek azalduko duten interesa.

Horrekin batera, gainera, Leteren lehen hiru diskoen grabazioak garbitu eta bermasterizatu ere egin ditu Elkarrek. As- paldi grabatutakoak izan arren, CD formatuan ere bazeuden hirurak merkatuan. Baina, argitaletxeak nabarmendu bezala, lan haiek «arrasto berriak zabaldu zituzten, bere pentsamenduaren beroa, beti sakona, zuzena, ironikoa, samurra eta sentikorra Euskal Herriko jendearen bihotzetaraino barreiatuz».

Belaunaldi berrientzako ondare

Elkarren ustez, CDetan egon arren, «zeuden moduan ez dute inolaz islatzen pertsonaiaren benetako irudia». Horregatik aritu dira grabazio horiek garbitu eta bermasterizatzen, egungo ohiturek agintzen duten kalitatea eskaintzeko. «Kaleratu ziren garaian biniloek barruan zeramaten informazio, argazki eta eduki grafiko zein idatzizko guztiak berreskuratzea lan garrantzitsua da gure kulturaren zutabeak hurrengo belaunaldiei transmititzeko», esan zuten Elkarrekoek.

Atzo aurkeztu zituzten Donostian diskoak eta aipatu liburua ere, eta Letek alboan izan zituen Elkarreko Anjel Valdes eta Mitxel Murua editorea.

Azken horrek azaldu zuenez, “Abestitzak eta poema kantatuak” liburuaren egitura zein izango zen erabakitzeak buruhausterik ekarri zien hasie- ran, batik bat kantuak hautatzerakoan. Letek izan ei zuen zalantza gehien bere buruarekin.

Abestien hitzak ezezik, gainera, Letek atzera begira jarrita bere kantu edo kantu-sorta bakoitzaren historiatxoa ere kontatzen du lan berri honetan, zein testuingurutan sortu zuen, abagune soziala, pertsonala, pentsamenduarena... guztia uztartuta. Emanaldietan abestiei sarrera emateko baliatzen zuen ohitura hartu du hala oinarri.

Letek aitortu zuen zalantzak izan zituela liburua egitea proposatu ziotenean. «Burutik pasata nuen nire kantuen hitzekin liburua egitea, baina sekula gauzatu gabe zegoen ideia zen. Ez ninduen erabat konbentzitzen, nik ere baditudalako poetek dituzten aurreiritzi horiek, bigarren mailakoak ote liratekeen edo...», esan eta zera erantsi zuen: «Mementoa iritsi zenean gaizki pasatu nuen aukerak egiteko, batek aurpegia eman behar izaten dionean orain dela 40 urte egindako lan bati hor desadostasunak sortzen direlako, zalantzak, inperfekzioak ikusten dituzu...». Dena den, pozarren eta «harro» dago orain.

Liburuak badu sarrera bat, aitzinsolas luze baten antzekoa. Horren barruan, aldiz, beste lau azpiatal ere baditu: «Hitzaurrean hasten naiz azaltzen gure hastapen zein bilakaera artistikoa kantuaren esparruan; bigarrenean azterketa bat egiten dut kanten konposizioaz, hitzen aldetik eta literatur aldetik musikalki dituen zailtasunei eta akatsei buruzkoa; hirugarrenean sailkapena azaltzen dut, eta azkenean kantuen barne irakurketa bat, barrutik egina», azaldu zuen Letek.

Lanaren gorputza abestitzak eta poema kantatuak dira. Azpiatal batean berak musikatu eta kantatu dituen hitzak daude, hurrengoan beste kantariek musikatu eta abestutakoak, eta azkenean, aldiz, beste hizkuntzetatik euskarara itzuli izan dituen kantu eta poemak daude.



«Izan zen gizon bat saiatu zena, baina ez zuen asmatu»
I.A.
DONOSTIA

Atzoko aurkezpena amaitu aurretik, oiartzuarrak esaldi bi nabarmendu nahi izan zituen. «Psikologikoki nire une honetako ikuspuntua edo begirada labur dezakete hauek, gure bizitzari buruzkoa, edo egin dugunari buruzkoa», azaldu zuen.

Adierazi bezala, Jorge Luis Borgesek «arrazoi handiz» esandakoa zen lehena, eta hala dio: «Edertasuna ororena da, akatsak bakarrik dira gureak».

Xabier Letek esan zuen «egia handia» dela hori, eta segidan hauxe gaineratu zuen: «Edertasuna orotan dago, gure inguruan dago. Askotan mespretxatu edo kontuan hartzen ez ditugun hitz, musika, keinu, jarrerak... dira edertasuna, adeitasuna, maitasuna. Horiek dira ede- rrak, eta edertasuna ororena da. Ia dena esana dago, akatsak bakarrik dira gureak».

Bigarren esaldia, aldiz, liburuan idatzitako aitzinsolaseko bukaeran jasotako bera da, Cesare Pavesek azken-azkenetako poema batean idatzi zuena: «Izan zen gizon bat saiatu zena, baina ez zuena asmatu».

Hala bukatu zuen Letek bere hitzartzea, baina aurkezpenera bertaratutako lagun eta kaze- tariek segituan galdetu zioten ea zergatik uste duen berak ez duenik asmatu. Argi mintzo zen poeta: «Nire bizitzako erabaki askotan ez dut asmatu, portaeretan bereziki. Nire baitan anbizio intelektualak izan ditut, baina gauzatzerakoan bide erdian geratu naizen sentipena dut, porrotarena. Nahi izaten dugu asmatu, zuzen ibili zentzu etikoan asmatuz, baina askotan ez dugu lortzen. Baldarrak gara. Gizakia argitsua den neurrian, lanbrotsua ere bada».

«Nire izate eta espirituaren soslaia»

Liburuaren azken parteak Leteri egin bi elkarrizketa mamitsu jasotzen ditu, bere gogoetak, kezkak eta kontraesanak ezagutzeko biderik zuzenena delakoan. 2004an “Hemen” aldizkarirako Joxe Arregik egin ziona da lehena, bere bizitzari errepaso zabal bat ematen diona. Bestea Lander Arbelaitz kazetari gazteak egin dio aurten. «Nire barne eta kanpo izatearen pasadizo asko kontatzen dira, nire izatearen eta espirituaren soslai bat dagoelako», azaldu zuen oiartzuarrak pozarren. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Una galería de arte gigante entre tomates y chicharros
Ekonomia
La CMT resuelve que los clientes decidan si operan con Orange o con Euskaltel
Kirolak
La profundidad de banquillo da el triunfo a Itxako
Jendartea
Culpable de todos los cargos el autor de la muerte de Ofelia Hernández
Euskal Herria
El Foro de Ibaeta reclama cambios legislativos al Gobierno espańol
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss