Hernandorena saria abian da
·Larresoron egingo dute gaur bertsolari gazteei zuzenduriko txapelketaren lehen kanporaketa
BAIONA
Bertsolari gazteen Hernandorena sariaren bigarren edizioa antolatu du Bertsularien Lagunak elkarteak. Lau kanporaketa egingo dituzte abenduaren 2ra arte. Gaurko saioa Larresoroko besten karietara egingo dute. Arratseko zazpi eta erdietatik goiti herriko kirol sala berrian egingo dute bertso-afaria. Egoitz Zelaia, Joxangel Aranburu eta Kristiñe Txoperena hendaiarrekin batera Maialen Belarde zumaiarra, Bidarraiko Mizel Mateo eta Berrizko Miren Amuriza izango dira, eta Arantxa Hirigoienek jarritako gaiekin bertso ederrak egiten saiatuko dira.Sei bertsolari izanen dira kanporaketa bakoitzean, eta beste sei finalean; lau kanporaketetatik jalgiak eta beste bi puntuen arabera sailkatuak. Beste hiru kanporaketak hurrengo larunbatetan izango dira: azaroaren 18an Baigorriko Basaizea elkartean, hilaren 25ean Mauleko Zinka ostatuan, eta azken kanporaketa Donibane Lohizuneko Dukotenian egingo dute, abenduaren 2an. Saio guztiak bertso-afariak izanen dira, eta bertsolarien lana epaitzen Eneko Bidegain, Aitor Sarasua eta Patxi Larretxea izanen dira. Hernandorena sariaren xedea bertsolari gazteei bertsotarako plazak eskaintzea da. Aurten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 11 gazte izango dira, eta beste 13 bertsolariak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik joango dira.
|