Enplegu banaketak,emakumeari kalte
Lan Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioak egindako inkesta batek erakutsi duenaren arabera, enpleguaren banaketa generoak mugatzen du. Hori da inkesta horren ondorio nagusia. Datu horiek diotenez, zerbitzu sektorea da lan merkatuak emakumeari eskaintzen dion tokia. Eman lezake berez garrantzirik gabeko datua, eta zenbaiten ustez logikoa, lan mota bakoitzari genero bat edo bestea balegokio bezala. Baina errealitate itxuraz garrantzi gabe hori, ezustea ez bada ere, kezkatzekoa da: sektore horrek biltzen ditu aldi baterako kontratu gehienak eta, oro har, lan prekarietaterik handiena.
Egoera hori ez da kasualitate hutsa, emakumeak menpekotasun egoera batetik burujabetasun egoerara igarotzeko aukera baitu lana, baina lan antolakuntzak baztertu egiten du, oztopatu egiten dio menpekotasunetik ateratzea. Egia da gizonezkoek baino areago jotzen duela lanaldi partzialera, baina horrek ez du azaltzen soldaten eskalan beheko herenean egotea eta, bestetik, emakumearen lanaldia 63 ordutara iristen da, horietatik 21 ordaingabeak, jakina, gizonezkoenak halako hiru. Horrek azaltzen du, bide batez, zergatik heltzen dioten lanaldi partzialari neurri handiagoan. Inkestek agertzen duten bereizkeria hori handiagoa da, baina, kontraturik gabe lan egiten dutenak kontuan hartuta, gehienak emakumeak, jakina. Euskal Herriari dagokionez, gehiegikeria badirudi ere, gehiegikeria bada ere, emakume gehienak daude lan merkatutik kanpo. Zenbat eta lanaldi handiagoa, orduan eta familia adiskidetze zailagoa, batez ere emakumezkoentzat. Baina, hain zuzen ere, oraindik orain EBko Enplegu ministroek ez zuten lortu lanaldia 48 ordutik gora luza dezakeen klausula ezabatzea.
Lan merkatua emakumea kontuan izan gabe sortua da; hau da, ez da emakumeak parte hartzeko pentsatua. Hartara, lan arloko desberdintasunak horren ondorio logiko dira. Gizon-emakumeen harremanak eta antolakuntza askatu egin beharko lirateke lan merkatutik. Merkatuak, hots, merkatua kontrolatzen duten horiek, esandako harremanak eta antolakuntza baldintzatu eta kontrolatzen baitituzte. Hala ere, erakundeak, herrialdeetako gobernuetatik azken herri erakunderaino, genero arazoen erabilera demagogikoa bazter utzi eta botere ekonomikoarekiko morrontza astintzeko gauza ez badira, beren diskurtso guztiek hutsaren hurrengoa izaten segituko dute. -
|