Mikel Aramendi
Wolf
Izugarrizko drama izateari utzi gabe (oraindik tragedia latzagoa bilakatzeko bidean doalako, bistan denez), endredo-komeria komiko samarra ere bihurtzen ari da Irakekoa.
Saddami presaka eta korrika ezarritzako heriotza zigor txingoteak ere samurtzea lortuko ez zuen zilipurdi politiko gogoangarria nozitu ondoren, Bushek etxera bidali du Rumsfeld. Baina ez, zentzuzkoa litzatekeenagatik (Rumsfeld izan baitzen 1983an, As Dujailgo hilobiak oraindik berdindu gabe zeudenean, Bagdadera joan eta Saddamekin musukatu zena; Iranen aurkako gerrarako arma kimikoak eskaintzera joan zela diote askok), ez; alderantzizkoagatik baizik: egungo gerrako hutsegiteen errudun ofizial bat behar zelako, demokratekin hitz egiten hasi aurretik.
Komeriaren errematea, ordea, ordezkoaren izendapenarekin etorri da. Robert M. Gates, to! Denek nabarmendu dute Bush zaharraren eta James Baker-en tarteko «inteligentzia aditua» dela, eta gogoratu dute CIAn eta Nazio Segurtasun Kontseiluan aritu ondoren, estatubatuar espioitzaren buru bihurtzear egon zela bitan: CIAko zuzendari izendatu zutenean lehendabizi (Senatuan, Iran-Contra aferan jokatu zuen paperaz galdezka hasi zitzaizkionean Gatesek nahiago izan zuen karguari uko egitea); eta 2005ean bigarrenez, DNI mega-erakundearen zuzendaritzarako bere izena haizatu zenean.
Ia inork ez du, ordea, Iran-Contra eskandalu hartan Gates espioiari egozten zitzaiona gogoratu. Ez dakit, ezta ere, orduan salatzaile izan zuen Tom Harkin, Iowako senatari demokratak, akusazio haiekin jarraitzeko gogorik izango duen orain. Baina Harkinek bazekien, noski, zertaz ari zen; haren biografia ere begiratu besterik ez dago. Eta edonola ere, jasota dago: Iran-Contra azpijokoaren barnean «inteligentzia militarreko datu sekretuak» Saddam Husseini eman izana leporatu zion Harkinek Gatesi 1991n. Zehazki, espioitza satelite eta abarren bitartez estatubatuarrek irandarrei buruz jakiten zituztenak haiekin gerra bizian zegoenari «oparitu» zizkiola Ga- tesek, alegia, Irani aldi berean saltzen zitzaizkion armak «konpentsatzeko» edo.
Beraz, 25 urte geroago, paperak erabat aldatu badira ere, aktore berberekin jarraituko luke komeriak: Rumsfeld, Saddam, Maliki, Gates, AhmadinejadŠ Markus Wolf zaharra barregura atakeren batek itota ez ote den hil susmatzen hasi beharko genuke. -
|