GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-11-13
Jurgi San Pedro - UEUko kidea
Euskal herrigintza eta Unibertsitatea

Gaurko gogoeta-gaiak komunikabide ezberdinetan izan dituen, eta izan ditzakeen durundiak bateraezi- nak diren arren, gainditu ez dugun problematika izaten jarraitzen du beronek. Herri honi oraindik bere jatorrizko estatusa aitortu ez dion Europa honetan gure (sortzear dagoen) Unibertsitateak joka dezakeen misioa erabat estrategikoa dela esatean ez da ezer berririk gaineratzen.

Beraz, afera garrantzi bizikoa da, goi-mailako hezkuntza unibertsalak Euskal Herriaren aitortza mundialaren amets posiblearen alde jokatzen duen rola ehuntzeko, saretzeko, gauzatze- ko, konplexurik gabe.

Abiaburuko diagnosia egun, 2006an, honako hauxe da: Iparraldeko egoeraz ezer esatera ausartzen ez naizela aitortuz, Hegoaldean, UPVk eta UPNAk ez dute arazoa konponduko, zeren, arazoa konponduta ere, eurak izateko zioa ere desagertzeko zorian egongo bailitzateke.

DUk eta MUk, euskal unibertsitate pribatuek, bestelako lehentasunak dituzte, euren espiritua munduko merkatu ekonomiari estuki lotuta baitago, bere apustu existentziala horretan balego bezala, tamalez, herri aldarrikapen politiko historiko anitzetan egon beharre- an. Denboraren joanaren zentzua bestelako norabideetatik daramate horiek, azken finean.

Zorionez, izenburu (helburua) honi heltzeko bitartekoak gero eta ugariagoak dira, elkar-entzuketan, elkarlanean konpartitzeko, bitarteko multzo ezberdin horien artean, monetarioez eta azpiegiturazkoez gain, filosofiko-historikoak ere badaude, beharrezkoak gure inkontzientean, gure egunerokotasuna ere elikatzen dutenak, gainera, irudimenaren mesederako. Artistikoak dira, nolabait, bitarteko horiek, gure jakin-mina pizten dutenak, nolatan ondo jakin gabe, eta, horrenbestez, iritzi, irizpide sortzearen aldeko bitartekoak ere badira. Irudimena osatzen laguntzen diguten bitarteko isilak dira; inmaterialak, izatearen lehian laguntzen digutenak. Ba ote dago helbururik ez duen irudimenik? Eta irudimenik bitarteko filosofikoei (historikoei) erreparatzen ez dienik?

Sortzear dugun Unibertsitatearen eta Euskal Herriaren arteko ezkontza uztartzeko xedez, gure testuin- gurutik hartutako eta lagungarri suerta daitezkeen iritzi eta praxi aztarna sakabanatuak eta osatu gabeak aipatuko dira segidan, gure asmoak indartuko dituztelakoan, asmo kolektibo hilezinen hondartzako beste harribola batzuk izango balira bezala, eta ez harea ale ia ikusezinak.

a. Euskal Herriaren lurraldetasun ametsari erreparorik gabe, modu desinteresatuan heldu dioten unibertsitate asmoak, ahaleginak, ibiltariak itzalean izan dira, sarritan. Ez dakit zein neurritaraino Akademia Ibiltaria deitutakoaren esperientzia, igandero bazkalosteko topaketetan gauzatzen zen asmo horren kide- ak gure helburuari (izenburuari) heltzen saiatu ote ziren, elkarlanean. Oteizak, ordea, argi izan zuen asmo hori eta horrela utzi zigun 1964an Gernikan izandako agerraldian eta ordutik proiektatutako hainbat ekimenetan ­bere esfortzua ezerezean geratu ez dela ziur naiz­.

Halaber, eta hortaz ziur naiz, 1973ko urtean, UEU hasi zen abiatzen lurraldetasunaren irizpidea bere apustu existentziala legez. Ordutik hona, bere asmoa berritu eta konplikatu ohi du etengabe, nahitaez, Iparraldean eta Hegoaldean. Eta eredu klasikoaren ezaugarri den bertikaltasunean oinarritu ordez, horizontaltasuna du bere ezaugarririk aipagarrientzat.

UEUk egin behar duen jauzia gure helburuekin bat egitean datzala irizten diot, sortzear dagoen Unibertsitatearen bitartekoa izatea eta ez oraingo bera gure helburu gisa izango balitz bezala oraindik jardutea.

b. Gure helburuaren alde lortutako durundi hemerografiko guztien artean, gaur 30 urte (1976ko azaroaren 21ean) Zeruko Argia astekarian zabaldutako iritzia birziklatzeari aproposa deritzot, egoera termino absolutuetan ez delako aldatu. Karlos Santamariak izenpetuta dago, intentzioz kargaturiko iritzi hori, bere izenburua (helburua): Unibertsitate berri baten bila. Santamariak bere (gure) helburuarekin bat datozen gakoez jositako argudio prozesua horrela hasten du:

«Hasi gaitezen egia aitortzen, geure buruak ez engainatzeko: ‘Euskal Unibertsitatea’ deitzen duguna, guztiz ikuskizun eta eginkizun dugu oraindik...». Unibertsitate eskemen gaineko apunte historiografikoez baliatu ostean, etorkizunaz galdegiten du: Nola izanen da 2000. urteko unibertsitatea? Eta bere kezka azaltzen du orduan. Open University, University of the air, Université sans murs, Herriko Unibertsitatea, etengabeko unibertsitate ereduak izendatzen ditu, gure eredu propioa asmatu behar dugula aurretik aitortuz.

Testu osoan zehar pentsalari garaikide bakar baten izen propioa erabiltzen du, irtenbide posibleetarako funtsezko inspirazio iturria balitz bezala, nor eta Ivan Illich (1926-2002) dugu berau. Ez du ez Illich-en obra zehatzik aipatzen, baina testuingurua zein zen eta zein den ikusita, suposatzen dut Eskolagabeturiko Gizarteaz ariko zela, gaur irakur-eskuragai dena Interneten: www.ivanillich.org/Lidesind.htm (“La Sociedad Desescolarizada”).

d. Liburutegiko ordenagailuko datu baseak baino gehiago apalategiek zuzenean transmititzen didaten bizitasunaz gidaturik, 1977. urtean argitaratutako hausnarketa lanarekin egin dut topo, J.L. Orella da egilea, “La Universidad Vasca” (Erein argit.) du izenburua (helburutzat). Eta kapitulu guztien artean, IX.a da gure zuzeneko interesa piztu duena: “Reflexiones histórico-filosóficas sobre la Universidad Vasca”. Funtsean erabilgarri zaizkigun kontzeptuak jasotzen ditu, euskal unibertsitateaz 1866-1975 bitarteko historio- grafia eskaintzeaz gain.

e. Gure helburutik gero eta gertuago gaudela ohartarazten gaituzten praxiak ere baditugu hur. Esaterako, UPVtik kaleratutako irakasleen testigantza zuzena, bizirik dirauena. 14 urte eta erdi pasa dira jada euren (gure) borroka hasi zutenetik, bizitza-aldarrikapen pankarta bati eusten. Horiek ondo dakite zein Unibertsitate eredu komeni zaion herri honi, arrazoi horregatik ez baitaude estatupeko unibertsitateak irentsiak izateko prest. Eurek adierazitako independentzia altxorra dugu gure helburuaren aldeko indar metaketan.

f. Koherentziaz blai dagoen beste praxi bat Euskal Unibertsoa leloaren inguruan euskal ikasleriak (EHBE) antolatzen dituen ekimenak dira. Berau gure behar hezitzaileen gaineko asmoak edukiz bete ahal izateko baliagarriak zaizkigu, orainaz eta subjektu konprometitu, kritiko eta dinamiko batez ari baikara, eta horrenbestez, euren premiek gure (denon) lana ere konprometitzen dute.

Gauzak horrela, eta errealitatea izatea behar duen oinarrizko Herri (nazio) premia baten aldeko konbentzimendu mapa azaldu delakoan, gure jarrerak elikatzeko asmoz, jarrai dezagun gure hutsunetan harribolak jartzen, harea aleak barik. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero dice desde Turquía que el proceso sólo avanzará «sin violencia»
Ekonomia
El género determina el reparto del empleo en la UE
Kirolak
Chema Martínez cumple pronósticos sin ninguna ambición
Kirolak
La locomotora atropelló a los rojillos
Kirolak
La Real da otro paso atrás que agrava aún más su situación
Euskal Herria
Otegi: «La izquierda abertzale sigue con la rama de olivo en la mano»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss