Istorio honek film baten gisan hasi behar du. Lehen-lehenik, musikarekin batera, hiria agertuko da, goitik erakutsita, hegazkin edo helikoptero batetik bezala. Poliki, biolinei jarraiki agian, ka- merak beherantz eginen du, harik eta badiaren ikuspegi klasikoa (uhartea erdigunean) ongi fokatu arte, ikusleak jakin dezan non dagoen, kontatuko zaiona non gertatzen den. Bai, Espainiako prentsak Kantauriko perla deitu ohi duen hiria du gertaleku hemendik aurrerakoak, urtetan gogor saiatu arren terrorismoak bere egin ez duen Gipuzkoako hiriburu kosmopolita, ongi jatea eta ongi edatea erlijio edo are arte gorentzat ere duen Donostia handia.
Non zehaztu ondoren, noiz galderari erantzun beharko zaio noski. Hogeita batgarren mendearen hasierako irail batean gaude, uda buka- tzear dela, hilabete oso batez irauten duen musika hamabostaldiaren orpotik hiriko kultur gertakizunik nagusiena iristekotan dela.
Pertsonaiak edo heroiak ere zeharo inportanteak dira edozein istoriotan. Gehienetan, pertsonaia asko izanagatik, nagusi bat izaten da, kontaeraren haritik tiraka iharduten duena. Honako honetan Lola Pagola deritza pertsonaia horri.
N-z hasitako galderen ostean (non, noiz, nork), z lehen letra dutenen txanda dator: Zer?
Zer gertatu da? Edo zehatzago: Zer gertatu zaio Lola Pagolari?
Ibiliko den lekua eta garaia, aldea eta aldia, behar bezala mugatuz gero, edonondik ekiten ahal zaio kontakizunari. Hasieratik bertatik. Zinemaldiaren hasieratik, adibidez, estreinako egunaren hasieratik.
Dutxatik irten berria, bainugelako hormetariko bat osorik hartzen duen ispilu angeluzuzenari so dago Lola, denboraren eraso etengabeari buru egiteko prest, eguneroko moduan. Urteko hamar egunik printzipalenen atarian urduri, lo astuna izan duela erraz igartzen zaio. La Prairie-Serum ezker eskuan, haren edukia hedatu du, begien inguruan batez ere, es- kuinaz. Freskatu, tonifikatu, zaharberritu.
Urtebete lehenago egindako ebakuntzan desagerrarazi zizkioten betzuloak ostera agertu ez bazaizkio ere, erne ibili behar du, gunerik ahulen, meheen, hauskorrena aukeratu ohi baitu denborak bere oldarrerako: begien eta ahoaren inguruak, bereziki. Oraindik gogoan du Lolak, zinemaldiak omendu eta, tradizioari jarraiki, laster zendu zen zuzendari amerikar bati Arzakenean izandako bazkari batean entzun zion istorioa. Ba omen zen Hollywooden, laurogeitaka urte eduki arren, aurpegian oso zimur gutxi zeukan emakume bat. Harriturik, horren zergatia galdetu, eta sekula ez zuela irribarrerik egin azaldu ohi zuen zinema mutuaren garaian izarra izandako atsoak.
Lola Pagolak, ordea, irribarre egin behar du. Duen lanbidearen eskakizuna da, nolabait, ezker-eskuin, edonori eta guztiei, keinu atsegin, abegikor bana eskaintzea. Horregatik, zimurren aurkako seruma erabiltzen du goizean ere, kutxa barruko oharrak gauez erabiltzeko ematen duen aholkuari jaramonik egin gabe. Jakina, Suitzan (hangoa da La Prairie) ez dakite, ezin dute sumatu ere egin zer-nolako lanak eta ajeak dakarzkion Lolaren azalari bere betebeharrak.
Dena dela, zer dela-eta irribarre egin behar hori? Zer ote da Lola Pagola: eskupekoei esker bizi den jatetxe bateko zerbitzaria, atez ate dabilen entziklopedia-saltzailea?
Ez. Gipuzkoako Foru Aldundi txit gorenaren gazteria saileko buruaren ondorengoa da, izan ere. Hori batik bat, baditu-eta beste diru-iturri batzuk. Eta eskerrak, denaren premian baita, bere bizimoduari eutsiko badio. Bere lanpostuari dagokion janzkera garestia da, xaboi, lurrun, ukendu eta abarrekoak diren antzera.
(...)
Taxi bat eskatu du telefonoz kafea hurrupatu bitartean. Zer gerta ere, beldur baita euriak ez ote dizkion hondatuko mustu behar duen gona eta bezperan ile-apaindegian txukundu zioten ile-adatsa.
Euria ez da zirimiria ere, baina donostiarrek autoz bete dituzte kaleak, halako egun guztietan bezalaxe. Bizi den Antigua auzotik hamar minutuan egin ohi da Diputaziorainoko bidea. Gaur, ordea, hogei behar izan ditu taxiak Gipuzkoa enparantzan uzteko.
Bere bulegoan, ordenagailuan dituen mezuak begiratu ditu lehenengo eta behin (zabo- rrera zuzen botatzeko modukoak gehien-gehienak). Egunkariak gainbegiratu ditu ostean. Zinemaldiaren hasiera nabarmendu dute denek. Halaber, gaueko zabaltze-saio ofiziala aipatu dute. Madriletik eto- rritako izar ugariek zein Amerikatik heldutako bakanek, egun bihurtuko dute gau donostiarra zenbait ordutan, hain dira argi eta distiratsuak. “El Diario Vasco” eta “El Pais” hartu eta zorroan sartu ditu, egunean zehar (Lolari benetan atsegin zaion esa- moldean ematearren) aspertuz gero, irakurtzeko zerbait izateko.
Munduko euskararik dotoreena mintzatzen den herrian jaioa, familia euskaldun batean hazia eta ikastolan hezia izanagatik, traba egiten dion zerbait izaten da Lola Pagolarentzat euskara. Zerbait eder eta gorde beharrekoa, jakina. Gainera, taliban bakan batzuek izan ezik (horra hitzetik hortzera erabiltzen duen beste hitz bat, amorruz ebakia gehienetan), inor gutxik egiten du Diputazioan, Zinemaldian edo Lolaren beste edozein eginkizunetan.
Bizkor iristen da Diputaziotik Kursaalera, baina gaur berandu heldu da, ezaguna izanik, jende askorekin gelditu behar izan baitu hitz egiteko, guztiei irribarre eta kasu egiteko. “El Diario Vasco”n sarri agertzearen ajeak.
Okerrago izan da Kursaalaren kanpo aldean: hiriko nahiz probintzia osoko lagunez gain, kanpokoak ere agurtu beharrean dago (madrildarrak batik bat). Eske- rrak Ricardo Galvez (ofizialki zuzendaritzan ez badago ere, hura omen zinemaldiaren benetako lemazaina) agertu eta, musu pare baten ondoren, besotik heldu, sartzeko zain daudenen ilara saihestu eta antolatzaileentzat gordetako eserlekuetaraino eraman duen.
Antzezle, zuzendari, produktore eta zinemaldiak gonbidatutako batzuk ezagutu ditu, urterokoak, Julian Schnabel eta bere emazte donostiarra kasu. Galvezek eman dio ezezagun dituenen berri.
Leo Piczenik ezagutuko duzu noski, esan dio Galvezek, beren ezkerrean, gorbata urdin bat lepoan, eserita dagoen zahar handiarengana zuzenduz begirada.
Izena, bai, ezagutzen du. Badaki zineman eta batez ere telebistan makina bat negozio duela, baita, soilik ile-apaindegian gainbegiratzen omen dituen aldizkariek maiz aipatu dutenez, starlette batekin ezkontzekotan izan zela ere.
Barre egin du Galvezek, Lolak eskaini dion hari-muturretik tiraka, argiak itzali, filma hasi, eta ahots batek modu zakarrean isil daitezela eskatu dien arte.
“Obaba” da filma, aspaldiko maitale batek oparitu eta egongelako apalen batean oraindik irakurri gabe duen Bernardo Atxagaren liburu ospetsuaren gainean Montxo Armendarizek zuzendua.
(...) -