BAGDAD
AEBetako presidente George W. Bush eta Estatuko segurtasun arduradunak Ikaskuntza Taldearekin bilduko dira gaur, Washingtonen, Irakeko egoera aztertzeko. Talde horretan alderdi demokratako zein errepublikarreko ordezkariak daude. Tony Blair Britainia Handiko lehen ministroak ere bideokonferentziaz hartuko du parte eztabaidan.
Aste honetan izandako hauteskundeen ondorioz AEBetako Kongresuaren kontrola demokraten esku gelditu denez gero, Etxe Zuria prest azaldu da Iraken duen politikari buruzko aholkuak entzuteko. AEBek Iraken eragin duten korapiloa askatzeko Siria eta Iranen parte-hartzea ere ez duela baztertzen esan zuen Washingtonek.
AEBek Iraken duten politikari buruzko eztabaida pil-pilean dagoela, bortizkeriak goia jo du herrialde okupatu horretan. Atzo gutxienez 58 lagun hil ziren. Erasorik odoltsuena Bagdaden gertatu zen, Poliziaren errekrutatze-zentro batean.
Poliziaren egoitzaren atarian dozenaka gazte izena emateko zain zeudenean, kamikaze bik gainean zeramaten lehergailua leherrarazi zuten eta 35 lagun hil ziren horren ondorioz. Beste 56 pertsona zauritu ziren, Poliziaren esanetan.
Bien bitartean, ustez heriotzaren eskuadroi sunita batek bezperan bahitutako 50 xiiten bila jarraitzen zuten Irakeko militarrek. Eskuadroi horiek maiz poliziakideek osatzen dituzte eta legez kanpoko exekuzioak egiten dituzte. Absul Karim al Anzi Irakeko parlamentariak salatu zuenez, Gobernua ez da ahalegin handirik egiten ari bahitutakoak askatzeko.
AEBek, bestalde, Ramadiko eraikin bat bonbardatu zuten lehergailuen biltegia zelakoan. Ez zuten biktimen berririk eman.
Bortizkeria giroari aurre egin ezinik, Irakeko lehen ministroak, Muri al Malikik, aldaketak iragarri zituen Gobernuan. Parlamentariak kritikatu zituen, bere ustez, Irak batuaren alde lan egin ordez, alderdikeriaz jokatzen dutelako.