- Lau eta Erdikoa
Olaizolak kostata menderatu du Titin txapelketako partida ikusgarrienean
·Goizuetakoak zazpi tantoko partziala lortu zuen azken txanpan: 14-14tik, 14-21era
TITIN III 16
OLAIZOLA II 22
DONOSTIA
Aimar Olaizolak ikaragarri sufritu zuen Gasteizko Ogeta pilotalekuan Titini irabazi eta Lau eta Erdiko finalerdietan bere lehen garaipena eskuratzeko. Egungo txapeldunak sekulako gaitasuna erakutsi zuen defentsa lanean eta, neurketa 14na ere egon zen arren, azken txanpan errioxarra baino gehiago dela erakutsi zuen. Datorren asteburuan Martinez de Irujoren aurka jokatuko du eta irabazlea abenduaren 10eko final handian sartuko da. Titinek sekulako ikuskizuna eman zuen beste behin. Airean oinarritutako bere joko azkarrarekin 56 aldiz astindu zuen pilota boterik ematen utzi gabe eta 5 tanto egin zituen horrela etengabe behartu zuen Olaizola II.a. Baina norgehiagoka asko gogortu zen, ia 400 pilotakada jo zituzten guztira erritmo ikaragarrian, eta Titinek behera egin zuen azken tanto erabakigarrietan. Hurrengo asteburuan Abel Barriolaren kontra irabazi beharra dauka finalean sartzeko aukerei eusteko. Lehenengo hiruzpalau tantoak ez ziren apartekoak izan, baina Titin asmatzen hasi ahala, Ogetako ikusleek gozatzeari ekin zioten. Txokoan egindako bi tantorekin abisatu zuen Titinek, bat dejadarekin (3-4) eta bat luze jota (5-4), baina zaleak 7-5ekoarekin erotu zituen. Aimar ezker-eskuin bikain mugitu zuen piloteo luzean eta azken errematea bikaina izan zen. Beste dejada batekin lortu zuen abantailarik handiena (8-5).
Zalantzak eta beherakada
Aimar, ordea, gogotsu ari zen defentsan eta egindako lanak bere fruitua eman zuen. Epaileak pasa adierazi zuen pilota zalantzagarri batekin 9nako berdinketa lortu zuen eta bere pilotari esker lehen zulotxoa ireki zuen markagailuan. Sakez egindako bi tanto, txokoan egindako beste bat eta zabalean ongi amaitutako laugarrenarekin 9-13 alde egin zuen. Baina Titinek kasta atera zuen berriz eta lehiaketako tanto gogorrenetan, beste bi tanto ikusgarrirekin, azken berdinketa igoarazi zuen markagailura (14-14). Zabalera ihes egin zion pilota batek, ordea, bere aukerak lurperatu zituen. Olaizolak berriz bere pilota atera, Titinen beherakada bikain baliatu, 14 eta 21 aurretik jarri eta neurketa erabaki zuen.
«Presaka ibili naiz hasieran»
DONOSTIA
Aimar Olaizola pozez zoratzen azaldu zen partida
amaieran, lehen garaipena eskuratu zuelako eta, batez ere, sekulako lana eginda
lortu zuelako. Goizuetakoak, gainera, 27 urte beteko ditu gaur. «Ni ere
zahartzen ari naiz, baina Titinena ikaragarria da. Duen adinarekin horrela
jokatzea ez dago edozeinen esku. Airez asko sartu zait eta tanto askotan beteta
ibili naiz. Tanto askotan presaka ibili naizela uste dut, baina partida aurrera
joan ahala nire jokoa egiten hasi naiz. Hamargarren tantotik aurrera nire
pilotarekin min gehiago egin diot eta partida hortxe irabazi diodala iruditzen
zait», adierazi zuen jendearen zorion oihuen artean.
«Defentsan bikain aritu da»
DONOSTIA
Titinek buru-makur amaitu zuen partida, baina lana ongi
bete izanak ematen duen lasaitasunarekin. «Pena izan da. Bera oso ongi ibili da
defentsan eta pilota oso ongi kendu dit zabaletik. 14nako berdinketaren ostean
bere pilota atera du eta hor asko sufritu dut. Bi sake sartu dizkit eta joan
egin da markagailuan. Ez dago aitzakiarik jartzerik», onartu zuen. Errioxakoari
ez zaio adinaz hitz egitea gehiegi gustatzen eta begiak hurrengo partidan ditu
jarrita jada. «Adinak ez du zerikusirik. Indarberritzea gehixeago kostatzen
zait, baina ni oso ongi nago. Ea Barriolari irabazteko gai naizen eta finalean
sartzeko aukerekin iristen naizen azken partidara», amaitu zuen.
|