GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-11-13
EAEko herritarren %67k gizartearen erabakia onartu behar dela uste dute
Prozesuaren amaieran euskal gizartearen erabakia «edozein izanda ere» errespetatu behar dela uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %67k, Lakuako Gobernuak egin duen inkesta baten arabera. Horren arabera ere erabakiak aldaketa konstituzionala ekarriko balu, herritarren %15 kontra izango lirateke.

BILBO

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren gehiengoak konponbiderako prozesuaren amaieran euskal gizarteak erabakitzen duena errespetatu behar dela uste du. Horixe azaltzen da Lakuako Gobernuko Lehendakaritzak enkargatutako eta urriaren 30ean eta 31n egindako inkesta batean. Guztira, 600 elkarrizketa egin zituzten telefonoz, horietako 160 Araban, 240 Bizkaian eta 200 Gipuzkoan.

Datuek azaldutakoaren arabera, EAEko herritarren %67 euskal gizartearen erabakia «edozein izanda ere» errespetatzearen alde daude. Herrialdeka, horren alde dauden herritarren gehiengoa Gipuzkoan dago (%71). Bizkaian %66 daude alde eta Araban, berriz, %59.

Bestalde, EAEko herritarren %15ek euskal gizartearen erabakia errespetatu egin behar duela uste dute «aldaketa konstituzionalik ekartzen ez duen bitartean». Iritzi hori daukatenen artean, %18 arabarrak dira, %16 bizkaitarrak eta %11 gipuzkoarrak.

Erabakitzeko eskubidearen gaineko galderari %18k ez zioten erantzun. Hori batez ere Araban (%23) gertatu zen. Bizkaian eta Gipuzkoan ehuneko hori 18koa da.

Adinaren arabera, euskal gizartearen erabakia errespetatu egin behar dela uste duen gehiengoa (%72) 30 urtetik 45 urtera bitartekoek osatzen dute. Bigarren postuan, 18 eta 29 urte bitartekoak daude (%70). Atzetik, 46 urtetik 64 urtera bitartekoak daude (%69). 65 urte baino gehiago daukatenen artean, erantzun dutenen %55 herritarren iritzia errespetatzearen alde daude.

Prozesuaren helburuak

Sexuen arabera, berriz, gizonezkoen %74 herritarren erabakia errespetatzearen alde daude. Horren alde egin duen emakumezkoen kopurua %59koa izan da.

Bestalde, prozesuaren helburuetako bat aldaketa soziopolitikoak eragitea izan behar dela uste dute herritarren %55ek, baita ETA desagertzea ere. Aldiz, %35en ustez, helburua erakunde armatua desagertzea besterik ez da izan behar eta %10ek ez dute erantzun.

Herrialdeka aztertuz gero, Gipuzkoako herritarren %59 dira aldaketa soziopolitikoen alde egiten dutenak, eta ez soilik ETA desagertzearen alde. Azken aukera, berriz, gipuzkoarren %32ek hautatu dute.

Erakunde armatua desagertzea helburu bakarra izan behar dela uste dute %37k Bizkaian. Aldiz, %54k bi helburuen alde egiten dute. Azken aukera hori arabarraren %51k egiten dute eta %38k ETA desagertzea besterik ez dute hautatzen.



Datua aintzat hartzeko eskatu dio EBk Madrili

BILBO

Inkestaren emaitza ikusita, Mikel Arana EBko Presidentetzako buruak datu horiek aintzat hartzeko eskatu zion Madrilgo Gobernuari, «batez ere prozesua blokeatuta dagoenean». Europa Pressi egindako adierazpenetan, prozesuaren gakoa indarkeria amaitzean eta erabakitzeko eskubidea aitortzean dagoela ziurtatu zuen Aranak. «Inkestaren datuak EBk defendatzen duena berresten du», gaineratu zuen. EAko Antolakuntzako idazkari Rafael Larreinak, berriz, adierazi zuen ez dela berria euskal gizarteak bere erabakia onartzea nahi duela. Hala ere, horren haritik politikariek euskal herritarrei iruzur ez egiteko daukaten ardura nabarmendu zuen eta «hausnarketa» egiteko eskatu zien.

EAEko PPko idazkari nagusi Carmelo Barrioren ustez, berriz, inkestak ez du herri honen errealitatea islatzen, Lakuako Gobernuaren gehiengoaren borondatea baizik. «Inkesta horiek alderdien bulegoetan diseinatutakoak dira, obsesio nazionalistei erantzuna emateko», ziurtatu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero dice desde Turquía que el proceso sólo avanzará «sin violencia»
Ekonomia
El género determina el reparto del empleo en la UE
Kirolak
Chema Martínez cumple pronósticos sin ninguna ambición
Kirolak
La locomotora atropelló a los rojillos
Kirolak
La Real da otro paso atrás que agrava aún más su situación
Euskal Herria
Otegi: «La izquierda abertzale sigue con la rama de olivo en la mano»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss