LEKEITIO
Orotara 45 lan erakutsiko ditu atzo abiatu eta larunbata bitarte iraungo duen Lekeitioko XXIX. Euskal Zine eta Bideo Bilerak. Hitzorduak aurreko ekitaldietako parte-hartze muga gainditu du. Arduradunek azaldu zutenez, parte-hartze kopururik handiena orain artean 35ekoa izan baita iaz 30 proiekzio izan ziren.Euskal Zine eta Bideo Bilera 1978an sortu zutenetik, euskaraz egiten diren ikus-entzunezko lanak jendearen au- rrera atera eta zabaltzea bilatzen du. Aurten ere lan amateurrak eta profesionalak erakutsiko ditu, eta hitzordu gehienak Ikusgarri zinema aretoan izango dira, 19.30etik aurrera.
Atzo eta gaur, dena den, kultur etxeko Azkue aretora eramango dituzte baldintzaren bat bete ez dutelako lehiaketatik kanpo geratu diren bost proiekzio. Gaurko saioan, adibidez, Bego Lorenteren “Kaiolarik ez zirkoa” (amateurra) eta David Maezturen eta Jone Guenetxearen “Gerediaga auzoa” emango dituzte, azken hori profesionala.
Osterantzean, bihartik hasita, emanaldiek lehiaketako proiekzioak izango dituzte protagonista. Arduradunek jakinarazi bezala, guztiek ere gai arras ezberdinak izango dituzte oinarri, eduki antzeko bi lan ere ez daude-eta.
Bihar, bada, Hibai Castroren “Palestina, hesien zirrikitutik” lan amateurra, Jose Ramon Txopitearen “Txapel” profesionala, DanielAsuaren eta Xabier Cresporen “Astra 5:00 A.M.”, Alberto Bilbaoren “Euskerako lana”, Maialen Sarasuaren “14 Apostolu”, Etxahun Arregiren “Egun motela” eta Juan Miguel Gutierrezen “Cucaracha bidelapurra” proiektatuko dituzte.
Larunbatean emango dituzte aurtengo hitzorduko azken proiekzioak, eta sari banaketa ere egun horretan bertan izango da. Lehiaketan, Bizkaiko eskualdeak ordezkaritza zabala lortu du, bost bat lan bertakoak baitira gutxienez.