BILBO
Hilaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruza gerra zikineko ekintzengatik hil zituzteneko 22. eta 16. urtemugak beteko dira, hurrenez hurren. Urtero bezala, hainbat ekitaldi antolatu ditu ezker abertzaleak bi militanteek egindako lana goraipatzeko, baita haien ostean Euskal Herria askatzearen alde lanean aritu direnena ere. «Guztiei gure errekonozimendurik zintzoena, beroena eta hunkigarriena», adierazi zuen Mikel Etxaburu mahaikideak Brouarden omenez Bilboko Ametzola parkean ezarritako monolitoaren parean prentsari egindako adierazpenetan. Harekin batera, omendutakoen senideak, lagunak eta ezker abertzaleko ordezkariak bildu ziren. Brouarden eta Muguruzaren argazki erraldoiak ere bertan izan ziren uneoro.
Etxaburu mahaikideak honako hau nabarmendu zuen ekitaldian: «Josuk eta Santik marraztu zuten bidea guztiz emankorra eta baliagarria izan da azkenengo urte luze hauetan, eta, gainera, gaur egungo egoera politikoan berebiziko garrantzia hartzen du».
Alde horretatik, indarkeriaren gainean egun ezker abertzaleari «hainbat eskaera eta argudio guztiz arbritario» egiten ari zaizkiola esan zuen. Brouard eta Muguruza «Estatuaren terrorismoak» hil zituela gogorarazi zuen. «Momentu honetan ere Estatuak hartuta duen hautua errepresioaren hautua da. Norabide hori ez da aldatu», ohartarazi zuen Batasuneko kideak.
Hala ere, bi militanteek egindako ibilbidea «guztiz emankorra» izan zela nabarmendu zuen. «Momentu honetan inoiz baino esangura handiagoa dauka. Ezker abertzalea Santik eta Josuk egindako ibilbide horretan berretsi egiten da», zehaztu zuen.
Horiek hala, bi militante abertzaleak hil zituztenean Estatutuaren eta Hobekuntzaren erreformak eztabaidatzen ari zirela eta egungo eztabaidagaia «kualitiboki hobea» dela agertu zuen. «Oraingoan eztabaidaren gakoa agertoki demokratiko batera zelan heltzen garen da. Gainera, badakigu agertoki demokratiko hori lortzeko askatu beharreko bi korapilo daudela: lurraldetasuna eta euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko daukagun eskubidea», azaldu zuen.
Agertoki politiko berria
Horri ondokoa gaineratu zion Etxaburuk:«Memento honetan, beraz, eztabaida politikoa kualitatiboki beste parametro batzuetan dago: norberaren proiektu politikoa zehaztu eta aldarrikatzerakoan alderdi politiko guztiek, euskal gizartearen sektore orok, eskubide berak izango dituzten agertoki politikoari zelan heldu».
Batasuneko ordezkariak ez zuen ukatu egun konponbiderako prozesua ez dagoela «memento hoberenean», baina aurrera egiteko ezker abertzalearen konpromisoa helarazi zuen. «Norabide honetan gogor egiteko gure ilusioa, gure lan militantea eta gure konpromisoa mahai gainean jartzen ditugu, egoera hau gainditu eta Euskal Herriari zor zaion estatusa eta erabakitzeko eskubidea bideratzeko», esan zuen.Bi militanteen omenez, lore eskaintzak izango dira hilaren 20an Bilboko Errekaldeko plazan eta Ametzola parkean. Lehenengoa, Muguruzaren omenez ezarritako monolitoaren aurrean egingo dute 11.00etan. Ordubete geroago, Brouarden monolitoaren aurrean izango da lore eskaintza. Arratsaldean, berriz, manifestazioa abiatuko da Bilboko plaza Zirkularretik, 19.30ean. Ostean, ekitaldi politikoa egingo dute Esperanza pilotalekuan.