Azkenaldian mahai gainean ditugun eztabaida politikoen artean, hizkuntzarena oihartzun berezia hartzen ari da. Badirudi hauteskunde garaia batzuk garaiz prestatzen hasiak direla, eta posizioak irabazteko mugimenduak nabari dira.Euskarak Euskal Herrian bizi dugun gatazkarekin zerikusi zuzena du, eta gatazka gainditzeko sortzen ari garen esparru juridiko-politiko berriak euskararen normalkuntza osoaren aukera jaso behar du. Euskara egun dagoen egoera minorizatuan baldin badago, ez da prozesu natural baten ondorioa, Espainiako eta Frantziako estatuek mendeetan bideratu duten zapalkuntza eta bazterketaren ondorioa baizik. Horregatik diogu hizkuntzaren auzia bizi dugun gatazka politikoaren muin-muinean dagoela. Herri bezala garatzeko jarri dizkiguten oztopoetatik eta gure herria asimilatzeko egin dizkiguten erasoetatik eratorri- takoa baita. Hain justu, herri bezala bereizten eta batzen gaituen elementu nagusia hizkuntza delako egon izan da euskara beti gure arerioen jomugan.
Egoera honen aurrean, joan den mende laurdenean gure herrian bertan bi joera nagusi izan dira. Bata, euskararen kontrako hizkuntza politika zanpatzailea ezartzea: norbanakoen hizkuntza eskubideak onartu ez eta hizkuntza lehenbailehen desagerraraztea bilatu duena. Europako testuinguru «demokratikoan» garatzen ari den asimilazio politika, bere soilean. Beste joera, erdararen menpeko hizkuntza politikarena izan da. Herritarroi eskubide batzuk onartuz baina herritar horien herri eskubideak ukatuz, euskara gaztelaniaren menpeko hizkuntzatzat ezartzen duena Espainiako marko juridiko-politikoaren hankapean.
Hogeita bost urte ondoren, euskara desagertzeko eta erdararen menpeko hizkuntza politikek porrot egin dute, eta menpeko hizkuntz politikekin Euskal Herria berreuskalduntzea ezinezkoa dela frogatu da. Gatazka egoera gainditzeko eta euskara berreskuratzeko Batasunak hizkuntz politika berria aurkeztu du. Eta euskararen normalkuntza irabazpidean jartzeko premiazko lehentasuna zehaztu du: euskararen inflexio puntua indarrean jartzea Euskal Herri osoan. Gutxieneko izaera du; zazpi lan ildoko multzoa da euskara berreskuratzeko prozesuak gutxieneko mugatik gora aurrera egin dezan. Eta zazpi ildo horietako bat euskararen lege berria da, euskararen ofizialtasun nahikoa Euskal Herri osoan zabaltzeko proposamena jasotzen duena.
Batzuek, ordea, gure proposamenak utopikoak, ez direla errealitatean oinarritzen diote. Errealitatetik kanpo dagoen ameskeriarik handiena denean menpeko hizkuntza politikarekin euskal hiztun elkartearen berreskurapen osoa lortu nahi izatea. Hobe lukete «gizartearen kohesioa» bezalako hitz ederrekin aho bete hortz ibiltzen diren horiek hizkuntzaren auzi honetan, esaterako, urteetan euskalgintzarekin izan duten eta egun duten mespretxuzko tratua albo batera utziko balute. Behingoz, lanean dagoenari lan egiten utzi, eginiko lana zapuztera jo beharrean. Hobe lukete Europako estatu-hizkuntza ofizial mailan jokatzea, bere lidergoa gaztelania eta frantsesaren aurrean erakustea eta euskalgintzarekin elkarlana bideratzea.
Badirudi guk eskatzen duguna gure erradikaltasunaren ondorio hutsa dela, utopikoa eta errealitatean oinarririk ez duena. Gure eskaera, ordea, ez da beste munduko ezer! Munduan hainbat tokitan ikusi izan ditugun normalkuntza prozesuetatik ikasitakoa baizik. Horietan normalkuntza prozesuak marraztu izan dituzten ardatz politikoak bi izan dira nagusiki. Batetik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea (ofizialtasuna, esku- bide indibidualak), eta bestetik, hizkuntza komunitate edo herriek euren baliabideak antolatu eta kudeatu dituztela, jendartearen funtzio guztietan hizkuntza erabilera ziurtatzeko (burujabetza, eskubide kolektiboa). Prozesua burura eraman duten kasuetan, ondorio argia izan du honek: hizkuntza bertako herritarrentzat beharrezko elementua bihurtzea, hain zuzen.
Guk irakasgai horiek hartu ditugu oinarri gure proposamenak zertzeko. Gainera, egungo hizkuntza politika desberdinen porrotaren konstatazioa jaso dugu: porrota hizkuntzaren ezagutza orokortzeko garaian, administrazioaren euskaldun- tzean, justizia administrazioaren euskalduntzean, lan munduaren euskalduntzeanŠ Eta, gaur egungo ofizialtasun eskasa frogatu. Ikusi bestela Behatokiaren urteroko txostenak. Ikusi bestela euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenek jasaten dituzten erasoak: UEMAko ordenantzen indar- gabetzea, Mahala enpresa etiketak erdaratzera behartzea, Ertzainen aurrean euskaraz hitz egiteagatik jasandako babesgabetasunaŠ Ez diogu urratsik egin ez denik. Bai, ordea, ez direla nahikoak izan, eta egin direnak euskalgintzaren lidergoari esker egin direla, eta ez administrazioen lidergoak eraginda.
Hortaz, euskararen biziraupena bermatzeko, hizkuntza politika berri bat behar dugula ziur gaude. Ez hori bakarrik, baita hizkuntza gatazka gainditu eta euskal herritarron hizkuntza eskubideak bermatuak ikusi ahal ditzagun ere, berreskuratzailea, nazionala eta burujabea behar duela izan politika horrek. Euskaldunon hizkuntza eskubideak behingoz babesteko gai izango dena eta gure baliabideak antolatu eta kudeatuko dituena, euskara beharrezko bilakatu eta jendarteko funtzio guztietan hizkuntza erabilera ziurtatzeko.
Kontua da Euskal Herrian, erdaldunekiko «begiruneak» urteetan pisu gehiago izan duela euskaldunon duintasunak eta gure hizkuntza eskubideak bermatzeak baino. Zenbait agintari isilik edukitzeak gehiago balio izan duela hizkuntza berreskuratzeko gutxieneko neurriak zehazteak eta abian jartzeak baino. Hemen, Euskal Herrian, hauteskunde garaian ahalik eta boz gehiena irabazteko politikak zabaltzen direla, eta ez euskararen normalkuntza helburu duten politikak. Horixe da, hain zuzen ere, azken 30 urteotan EAJk egin duen euskararen instrumentalizazio politikoa EAEko erakundeen gobernuaren truk.
Horregatik guztiarengatik aurkeztu dugu Euskara Berreskuratzeko Legea, bai Nafarroako zein EAEko legebiltzarretan. Euskararentzako hizkuntza politika berri baten beharraren inguruko eztabaida piztu nahi genuen, ordea, PNV, EA eta EBk, PSOE eta PPrekin bat eginez, legea tramitera ere ez onartzea erabaki zuten. Hirukoak euskarak behar duen hizkuntza politikari ateak era faltsuan itxi nahi izan zizkion, baina oker dabiltza. Oker dabilen bezala Ondarroako herriari euskaraz bizitzeko erabakia indargabetzeko ahaleginak egin dituen Estatu espainarreko Epaitegi Gorenak. Euskal Herrian herritarren gehiengoak ikusten du euskararentzako hizkuntza politika baten beharra, lurralde osoan euskarari ofizialtasun osoa aitortuko diona. Eztabaidari ezin zaizkio modu horretara ateak itxi; izan ere, eztabaida kalean delako.
Garai politiko berrian aurrera ez egitea atzera egitea delako euskararentzat. Herri honen euskararen aldeko jarreran konfiantza dugulako. Euskalgintzaren eskaerekin bat egiten eta errealitatean oinarritzen den aitzindaritza egiten saia- tzen garelako. Aurkeztu dugun lege proposamenak orain eztabaida zabal eta ireki bat egitea eskatzen du, betiere hizkuntza politika oso baten baitako urrats gisa ulertuz, herri ikuspegiarekin, euskararen normalkuntzak behar duen ikuskerarekin eta hizkuntz politika berri baten ikuspun- tutik. Proposamen zehatzak eginak daude eta elkarrizketarako ateak beti bezala zabalik dauz- kagu. Eztabaida euskalgintzaren mahai gainean dago. Honetan ere mahai kideak behar dira. Zabalik da gonbidapena. Inork ihes egingo al dio euskararen iraupenerako hain garrantzitsua den eztabaidari? -