- Belar Hockeya
Neskek berdinketak lortu dituzte
DONOSTIA
Lau euskal talde daude Ohorezko Mailan, eta bi puntu besterik ez dute lortu amaitu berri den asteburuan. Biak berdinketei esker etorri dira.Neskak mutilak baino maila hobean aritu dira, eta bai Realak baita Jolasetak ere puntu bana gutxienez lortu dute. Mutiletan, berriz, Atletiko San Sebastianek eta Jolasetak galdu egin dute. Mutilen maila horretan, Atletikok Poloren zelaira egin zuen bisita. Sailkapeneko lehenengoa izan zuen aurrez aurre, eta 4-1 galdu zuen talde zuri-urdinak. Atsedenera joan aurretik, 3-0 ari ziren galtzen. Bigarren zatian ere gauzak ez ziren gehiegi aldatu, eta etxekoek laugarren gola sartu zuten. Azkoagaren golak markagailua itxuratzeko besterik ez zuen balio izan. Jolaseta, ordea, askoz ere okerrago dabil, oraindik puntu bat bera ere ez baitu lortu. Barrocasen zelaian 3 eta 1 galdu du. Bizkaitarren ahaleginak berriro ere alferrikakoak izan ziren, eta mailari eutsi nahi baldin badiote, asko hobetu beharra daukatela erakutsi zuten oraingo honetan ere. Sailkapenean, Atletiko bosgarren dago bost punturekin, eta Jolaseta, azkena, punturik gabe. Nesketan, Realak Deportivo Terrasarekin 1-1 berdindu zuen, eta emaitza txarra izan zenik ezin esan daiteke, azken segundoan lortu baitzuen berdinketa Guajardo argentinarrak. Jolasetak, berriz, 0 eta 0 berdindu zuen SPV’51 taldearen zelaian. Mailari eusteko borrokan dabilen taldea zuen aurrez aurre, eta berdinketa bat behintzat lortu ahal izan zuen. Denboraldiko lehen puntua batu zuen. Sailkapenean, Reala bigarren postuan dago 5 punturekin, eta Jolaseta, zortzigarren, puntu bakar batekin.
|