-Errugbia -
Donibane Lohizune izan da Liga Federaleko euskal talderik onena
·Maulek eta Nafarroak galdu egin dituzte beren norgehiagokak
DONOSTIA
Liga Federalean, Lehen Mailan, Donibane Lohizune bakarrik izan da garaipena eskuratu duen taldea. Nafarroak eta Maulek, berriz, galdu egin zituzten norgehiagokak.Bosgarren multzoan, bi euskal taldeak geratu ziren ezer lortu gabe.Maulek Fleurancera egin zuen bisita, eta 22 eta 12 galdu zuen. Landarribilkok egin zituen zuberotarren puntuak lau zigor-kolpe gauzatuta. Nafarroak, berriz, norgehiagoka gaiztoa zuen etxean, eta 9- 23 galdu zuen Tyrossen aurka. Landetakoek talde indartsua dute, eta horixe bera argi eta garbi utzi zuten Donibane Garaziko zelaian. Zelanek egin zituen euskaldunen puntu guztiak hiru zigor-kolpe gauzatuta. Multzo horretako sailkapenean, laugarren postuan dago Nafarroa 13 punturekin; Maule, berriz, 12 punturekin seigarren postuan dago. Seigarren multzoan, berri hobeak izan ziren, Donibane Lohizunek 24 eta 31 irabazi baitzuen Sarlatera egin zuen bisitan. Lapurtarrek hiru entsegu egin zituzten. Fagoaga, Elizaondo eta Frison izan ziren egileak. Olivak bi transformazio eta lau zigor-kolpe lortu zituen. Sailkapenean, hirugarren postuan dago talde gorri-berdea 17 punturekin. Bigarren Mailan, Bokalek garaipena lortu du Aire-Sur-Adour taldearen aurka, 26 eta 9. Guillteau, Dylbaits eta Laseron jokalariek egin zituzten entseguak. Capdupuyk zigor-kolpe bat gauzatu zuen, eta Lamothek bi zigor-kolpe eta drop bat lortu zituen. Donapaleuk, berriz, kinka larrian jarraitzen du, garaipenik lortu ezinik jarraitzen baitu, eta herenegun 9 eta 7 galdu zuen Donapaleun. Talde osoak egin zuen entsegua, eta Frantxistegik transformazio bat gauzatu zuen. Hirugarren Mailan, bi derbi izan ziren. Baionan, ASB taldeak 22 eta 11 irabazi zion Senpereri. Durandek, Marmayouk eta Agerrek lortu zituzten baionarren entseguak, eta Senpereren aldetik, berriz, Estaynouk egin zuen entsegua. Jokalari berak bi zigor-kolpe gauzatu zituen. Beste derbian, Mugerrek 15 eta 5 irabazi zuen Larresororen aurka. Balstrek eta Broquak egin zituzten etxekoen entseguak, eta Broquak zigor-kolpe bat gauzatu zuen. Laurentek zigor-kolpe bat gauzatu zuen. Larresororen aldetik, berriz, Triolletek entsegu bat gauzatu zuen. Hirugarren Mailako beste emaitzak hauek izan ziren: Angelu 42 / Pont-Long 19; Bardoze 6 / Rion-des-Landes 13; Lembaye 9 / Hendaia 9.
Autonomien Txapelketa
Autonomien Txapelketan, euskal derbia jokatu zuten larunbat arratsaldean, Trevijanon, EAEren eta Nafarroaren artean. Azkenean, lehenengoak aurreikuspenak bete zituen, baina sekulako jipoia eman zion Nafarroari, 105 eta 0 irabazi baitzion; gaur egun errugbian gutxitan izaten den emaitza ikusi zen. Berdeek 17 entsegu egin zituzten.
|